Beñat Mitxelena aranztarrak Frontisekin debuta egin du sorterrian

Gurutze PIKABEA 2008ko apirilaren 14a

Ekaitza elkarteak kamiseta oparitu zion Beñat Mitxelenari, debutaren aitzinetik. TTIPI TTAPA

Nagorerekin bikote eginez, 20-22 galdu zuten Bengoetxea VII eta Armendarizen kontra

Beñat Mitxelena pilotari aranztarrak profesionaletan debuta egin zuen joan den ortziralean, apirilaren 11n, bere herriko pilotalekuan. Jorge Nagore aitzinean lagun zuela, aurre egin zieten Ibai Bengoetxea, Bengoetxea VII leitzarrari eta Armendarizi. Partida hasi baino lehen, Ekaitza elkarteko presidente berriak, Dabid Iturriak kamiseta bat oparitu zion Beñati, herriko elkartean pilotan egindako ibilbidea eskertuz eta bere debutaren eguna gogoratuz.

Mitxelena eta Armendariz nor baino nor gibelean

Behin partidan sartuta, abudo ikusi zen partida orekatua eta borrokatua izanen zela. Gibelean, nor baino nor aritu ziren Beñat Mitxelena herritar gaztea eta Armendariz beteranoa. Mitxelena, eskuetako minekin ibili da azken asteetan, baina bere herritarren aitzinean kolpe bizia duela erakutsi zuen bertze behingoz. Dena den, gibeleko koadroetan ez zuen arerio xamurra: Armendariz ofizio handiko pilotaria da eta ongi eutsi zion aranztarraren pilotakadei. Dominatzaile garbirik gabe, aurrelariak ere ttiki-ttaka ibili zen aitzineko koadroetan. Partidako lehen tantuan, Nagore aritu zen erasoan, baina Ibai Bengoetxeak txokoan utziz akautu zuen tantua. Banako berdinketa ere tantu ederra izan zen. Beñat Mitxelenak gibelean ez ezik, aitzinean laguntzeko prest zegoela nabarmendu zuen eta dejada batera ongi ailegatu zen bere burua lurrera botaz, gero berriz ere gibeletik ongi eutsi zuen eta azkenean Nagorek maisuki egin zuen gorrien lehen tantua, hormabikoaren bidez.

Partida orekatua

Partida guzia horrelaxe joan zen. Tartean tantu ikusgarriak ikusi ziren eta gustagarria izan zen, herritarraren debuta ikustera hurbildu ziren aranztarrentzat. Gainera, markagailua estu xamar joan zen partida osoan, alde nabarmenik gabe eta bukaera arte ez zegoen argi nork irabaziko zuen.

Garaipena Bengoetxea eta Armendarizentzat

Azkenean, dena den, Beñat Mitxelenak ezin izan zuen garaipenarekin hasi bere ibilbidea. Izan ere, urdinek, Bengoetxea VII.ak eta Armendarizek 20 eta 22 irabazi zieten gorriei, Nagore eta Mitxelenari. Dena den, eskainitako mailarekin kontent eta herritarren animoak eskertu zituen Beñat Mitxelenak.

Amarikak eta Gorritik irabazi zuten lehenbiziko partida

Ortziral arratseko partida nagusiaren aitzinetik, Frontisek bertze partida bat ere programatu zuen Arantzan. Hau ere nahiko berdindua joan zen. Azkenean, gorriz jantzita zeuden Amarikak eta Gorritik 22 eta 18 irabazi zieten Aldai eta Elolari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun