Udako denboraldian igerilekuetan sorosle izateko tituludunak aurkitzeko zailtasunen jakitun, Lesakako Udal kiroldegiak 80 orduko sorosle ikastaroa antolatu du apirilaren 18tik maiatzaren 31ra. Gurutze Gorriak Lesakako igerileku estalian emanen duen ikastaro hau ortziraletan, arratsaldeko 4etatik 8etara eta larunbatetan, goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara eta arratsaldeko 4etatik 8etara emanen da.
470 euroko matrikula, lesakarrek 350 euro
Ikastaroan 18 urtez goitiko pertsonek parte hartzen ahal dute. Horretarako, apirilaren 15a baino lehen izena eman behar dute, Lesakako udal kiroldegian. Pertsona bakoitzak ikastaroaren truke ordaindu beharreko prezioa 470 eurokoa da. Dena den, Lesakako bizilagunen ikastaroak udalak diruz lagunduko dituenez, 350 euro ordaindu beharko dituzte. Horretarako, erroldaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute izen ematerakoan. Horretaz gain, izena eman behar duten guziek, aitzinetik ordainketa egin beharko dute Nafarroako Kutxaren 2054 0115 86 9148474330 zenbakian eta Lesakako udal igerilekuan, ordainketaren erreziboa eta izen-emate orria aurkeztu beharko dute. Informazio gehiagorako Lesakako udal kiroldegiko 948 637 400 telefonora edo lesaka@urdisl.com helbide elektronikora jo daiteke.