Beñat Mitxelena pilotari aranztarrak profesionaletan debuta eginen du Frontis enpresarekin. Arantzan bertan jokatuko du partida ortziral honetan, apirilaren 11n. Aitzinean Nagore izanen du lagun eta Bengoetxea VII leitzarra eta Armendariz arerio.
Bi partidako jaialdia iragarri du Frontisek
Frontisek antolatu du ortziral arratsaldeko 19:30etan hasiko den jaialdia. Lehenbiziko partidan, Amarika eta Gorritik, Lopez Aldai eta Elolaren kontra jokatuko dute. Ondotik, partida nagusian etorriko da Beñat Mitxelenaren debuta. Konpromiso handiko partida, kontuan hartuz herritarren aitzinean jokatuko duela, eskuko minetatik sendatu berria dela eta gibeleko koadroetan Armendariz izanen duela arerio. Aitzinean ere borroka polita espero da Nagore eta Ibai Bengoetxea leitzarraren artean.
Afizionatu mailan bikain
Beñat Mitxelenak afizionatu mailan ikusgarri aritu da azken hilabeteetan. Martxoaren erdialdean Mallabian Lehen Mailan jokatutako Euskal Herriko klub arteko txapelketako finalean 22 eta 12 irabazi zion Paz Zigandako Azanza pilotariari. Berako Gure Txokoa Elkartearen izenean ari da eta txapelketa ezin hobea egin du. Finalerdiak Markinan eta Beran jokatu zituen eta bi partidatan ere 11 eta 12 tantu betzerik ez zizkion egin aurkariak Bertzalde, garaipen bide honetan, Lizarra eta Elgoibarko 22 urtez azpiko txapelketetan ere txapeldun izan da. Orain profesionaletarako urratsa emanen du.