Lan istripuen kontrako elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak Lesakan

ttipi-ttapa 2008ko apirilaren 9a

Lan istripuen kontrako elkarretaratzea egin du LABek Lesakan. TTIPI TTAPA

Alfonso Ariztegi urroztarra Euskal Herrian lan istripuan aurten hil den 23. langilea dela salatu du

Astelehen eguerdi partean, moztu zuen zuhaitza gainera erorita gertatu zen ezbehar larrian Alfonso Ariztegi, 55 urte urroztarra hil zen Lesakako Antxumategi inguruan. Basogintzan egiten zuen lan Alfonso Ariztegik, Lesakako Maderas Etxebeste lantegiak azpikontratatua eta hiru seme alaben aita zen. Heriotz hau salatzeko, “Lan istripu gehiagorik ez!” izenburupean Lesakako Plaza Zaharrean elkarretaratzea egin du asteazken eguerdian LAB sindikatuak.

Dagoeneko 23 langile hil dira aurten istripuan Euskal Herrian

Izan ere, dagoeneko, 23 lagun dira lan istripuen ondorioz hil direnak Euskal Herri osoan 2008 urtean. LAB sindikatuaren ustez, egoera latzgarri hau ez da zorigaitzaren Ondorioa, “patronalaren jarreraren ondorioa baizik. Izan ere, Patronalak euren irabazi ekonomikoei lehentasuna ematen die langileen segurtasuna eta osasuna kontutan hartu gabe”.

LABek argitara eman duen oharraren arabera, hainbat dira lan istripuen atzean dauden elementuak: Kontratuen behin-behinekotasuna, azpikontratazioa, legediaren urraketa, horrelako ez-beharrak gertatu ez daitezen gutxieneko segurtasun neurriak eskatzen dituzten inbertsio ekonomiko eza, langileen osasuna arriskuan jartzen duten lan erritmo izugarrien inposaketa….

Kasu auniztan autonomoak

LAB sindikatuaren arabera ez da kasualitatea ere, autonomoak izatea lan istripuen biktima kasu askotan. “Kasu hauetan ere ematen baita lan baldintza duin batzuen urraketa egunero. Lan zama handiak epe motzean, lan bat akaututakoan jakinaraztea zer izanen den ondorengoa, horrek eragiten duen ezin egona eta presioa…”.

Administrazioaren jarrera salatu

Administrazioaren jarrera salatu nahi izan du berriro ere LABek: “lan merkatuaren desregularizazioa bultzatzen ari da, eta egoera larri hau bideratzen duen patronalaren lege urraketen aurrean begiak ixten ditu”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun