Igande honetan, apirilaren 13an eginen da Manttale mendi lasterketa taldeak, Gure Txokoa elkarteak eta Agerra Mendi Taldeak, Berako Udalaren laguntzaz antolatutako Berako laugarren mendi Maratoi Erdia – Bigarren Ibardin Sari Nagusia. Urtetik urtera hazten doa lasterketa. 2006an Euskal Herriako Koparako lehenbiziko proba puntuagarria izan zen, 2007an Euskadiko txapelketa izan zen eta aurten bertze urrats bat emanen du, mendi lasterketen arloan erreferentzia izateko. Iñaki Pikabea, Manttale taldeko kideak eman zuen lasterketaren nondik norakoen berri. «Azkeneko urteetako ibilbide bera izanen da, 21 kilometro ingurukoa eta 2.420 metroko desnibela duena. Beratik abiatu eta Manttale, Ibardin, Landagaita eta Larunetik pasatu ondotik, Berara itzuliko dira».
450 korrikalari
Aipatzekoa da martxoaren 1ean ireki zela izen emateko epea eta martxoaren 17an itxi zen, 400 parte hartzaileko mugara iritsi ondotik. Halere, aurten 450 korrikalari izanen dira azkenean. Sariei dagokienez ere izanen da aldaketarik aurtengoan. Orain arte, kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek zuten saria eta orain bortz lehenbizikoek izanen dute. Ibardingo tarteko helmugan, Ibardingo Merkatari elkarteak eskainitako 150 euroko saria ere izanen da. Errekorra hobetzen duenak ere 300 euroko saria izanen du. Gizonezkoen nahiz emakumezkoen errekorrak joan den urtean egin zituzten Ionut Zinkak (ordubete, 41 minutu eta 27 segundu) eta Alizia Olazabalek (bi ordu, 7 minutu eta 5 segundu).
Mendi ateraldiak Usategietara eta Larunera
Lasterketa aitzinera atera ahal izateko 150 laguntzaile izanen dira ibilbide osoan, tartean fisioterapeutak, medikuak eta suhiltzaileak ere. Aurtengo berrikuntza gisara, ibilbidea Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioko epaileek homologatua izanen dela aipatu zuen Iñaki Pikabeak eta horrek nazioarteko lasterketa egiteko aukera emanen diela etorkizunean. Proban parte hartzen dutenek ez ezik, ikusi nahi dutenek ere Berako mendiak ezagutzeko aukera izanen dute. Joan den urtean ere egin zen Usategietarako mendi irteera goizeko 9etan aterako da kiroldegitik, baina horretaz gain, Larunera ere joateko aukera izanen da, goizeko 8etan eginen den ateraldiarekin.
Opariak eta zozketak
Partehartzaile guziek, proba akautzerakoan luntxa izanen dute eta poltsatxo bat emanen zaie, kamixeta eta bertzerekin. Gainera zozketetan ere parte hartuko dute. Errate baterako, Euskal Herrikoak ez diren korrikalariek, Hiruak Bat elkarteak eskainita, landa etxe batean asteburu bat igarotzeko aukera izanen dute, sarituak suertatuz gero.
Larunbat arratsaldean lasterketari buruzko ikusentzunekoa
Mendi lasterketa igandean eginen bada ere, larunbat arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara ere izanen da dortsalak eskuratzeko aukera Gure Txokoa elkartean eta ondotik, lasterketari buruzko ikusentzunekoa aurkeztuko da Kultur Etxean.