Apirilaren 10etik 18ra birziklatzeko poltsa gehiago banatuko dira Bortzirietan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 8a

Etxean jasotako gutunarekin joan beharko da poltsaren bila

Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatearen ekimenez, Bortzirietan etxeko zaborraren birziklatze-kopurua hobetzeko poltsa gehiago banatuko dira bortz herrietan. Joan den abenduan banatu zirenean 1.000 ale banatu ziren eta orain bertze horrenbertze banatuko direla aipatu digu Ramon Olaziregi, Mankomunitateko teknikariak.

Arantzan eta Igantzin, ortzegun eta ortziralean

Aitzinekoan, Arantza eta Igantzin ez zuten jaso eta orain herri horietatik hasiko da banaketa. Igantzin, ortzegunean, apirilaren 10ean, goizeko 9:00etatik 11:00etara eta ortziralean, apirilaren 11n, 11:30etik 13:30era banatuko dira poltsak frontoian. Arantzan ere egun berean izanen da banaketa, baina ortzegunean 11:30etik 13:30era eta ortziralean 9:00etatik 11:00etara.

Etxalar, Bera eta Lesakan heldu den astean

Etxalar, Bera eta Lesakan aitzineko aldian gabe gelditutakoek ere jasoko dituzte edukiontziak heldu den astean. Etxalarren, asteazkenean, apirilaren 16an, goizeko 9:00etatik 14:00etara emanen dira poltsak Mankomunitateko bulegoan. Beran, ortzegunean, apirilaren 17an, 10:00etatik 13:00etara Eztegara pilotalekuan eta Lesakan ortziralean, apirilaren 18an, 10:00etatik 13:00etara, Herriko Etxeko arkupetan.

Mankomunitateak etxeetara bidalitako gutunean xehetasun horiek guztiak azaltzen dira, baita poltsa jasotzera gutunaren goiko aldearekin joan behar dela zehaztu ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun