Alfonso Ariztegi urroztarra lan-istripuan hil zen Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 8a

Mendi lanetan ari zela, zuhaitz baten adarra erori zitzaion gainera

Alfonso Ariztegi Aldabe, 55 urroztarra lan istripuan hil zen astelehenean, apirilaren 7an, Lesakan, mendiko lanetan zebilela zuhaitz baten adar handi batek azpian hartu zuenean. Bere lankideak, bazkaltzera agertu ez zela ikusita, kezkatu egin ziren eta bila joan ziren. Topatu zutenean, larri zegoela ikusi era SOS Navarrara deitu zuten arratsaldeko 13:15ak aldera. Nafarroako Larrialdi Agentziak Oronoz-Mugairi eta Lesakako suhiltzaileak, medikua, erizaina eta helikoptero medikalizatua bidali zituen lekura. Elizondoko komisaldegiko foruzainak ere agertu ziren.

Osasun Zentrorako bidean hil zen

Istripua Antxumategi inguruan gertatu zen eta bertaraino ailegatzea zail egin zitzaien larrialdi zerbitzuei. Urroztarra larri zegoen eta medikua bizkortzen saiatu bazen ere, Lesakako Osasun Zentrora zeramatela hil zen. Alfonso Ariztegi langile autonomoa zen eta esperientzia handikoa mendiko lanetan, urtetan Frantzian aritu baitzen.

Foruzaingoaren txostena

Foruzaingoaren atestatu taldeak istripuari buruzko txostena igorriko du Iruñeko guardia-epaitegira eta lan osasunerako erakundeei ere emanen die istripuaren berri. Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura eraman zuten gorpua, autopsia egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun