Dependentzia duten pertsonak artatzeko enplegu tailerra eginen da Lesakan

Aitor AROTZENA 2008ko apirilaren 4a

Ezker-eskuin: Virginia Aleman Baztango alkatea, Gloria Agerri Doneztebeko Enplegu Bulegokoa, Cederna-Garalur erakundeko Amaia Pando, Deñe Abuin Lesakako zinegotzia eta Josu Iratzoki Berako alkatea. TT

Cederna-Garalurrek antolatu du eta Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako udalek laguntzen dute

Dependentzia duten pertsonei arreta zerbitzuak eskaintzeko enplegu tailerra eginen da aurten Lesakako udalak, Antoiu karrikaren 27an duen erabilera anitzeko aretoan. Tailer honetan, 25 urtez goitiko hamabortz langabetu prestatuko dira eta abudo hasiko da, maiatza erdialdera edo, ortziral goizean emandako prentsaurrekoan jakinarazi denez. Cederna-Garalur erakundeak antolatu du ikastaroa eta, Enplegu Zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen du, baita, Europako Gizarte Fondoarena eta Lesaka, Bera, Baztan eta Doneztebeko udalena ere. Erakunde hauetako ordezkariak izan dira ortziral goizean, Lesakako erabilera anitzeko aretoan: Cederna-Garalur erakundeko Amaia Pando; Virginia Aleman eta Josu Iratzoki, Baztan eta Berako alkateak; Deñe Abuin Lesakako zinegotzia; eta Gloria Agerri, Doneztebeko zinegotzia eta aldi berean Doneztebeko Enplegu Bulegoko ordezkaria.

Prestakuntza eta lanerako programa mixtoak

Enplegu tailer hauek, prestakuntzarako eta lanerako programa mixtoak dira, 25 urte edo gehiago dituzten langabetuek lan merkatuan sartu ahal izateko erraztasunak eman nahi dutenak. Sei eta hamabi hilabete arteko tailerrak dira eta hasieratik, prestakuntza eta lana bateratzen dira, Amaia Pando, Cedernako teknikariak aipatu duenez: «Alkaiagako tailerraren kasuan, sei hilabetekoa izanen da, maiatz erdi aldera asteko asmoa dugu eta 25 urtetik goitikoei zuzendua dago, batez ere emakumeak eta etorkinak, kualifikazioa eskasa dutenak eta dependentzia duten pertsonei arreta emateko lanetan izena emana dutenak enplegu bulegoan. Honela, etxez etxeko laguntzaile eta geriatriako erizaintzako laguntzaile espezialitateetan hamabortz lagunei formakuntza teoriko-praktikoa eskaintzea aurrikusia dago».

«Ez du lanposturik kenduko»

Tailerra Lesakan ematerako orduan, kontuan hartu da Baztan, Bortziriak eta Malerreka aldean, populazioaren zahartzea nabarmena dela. Honela, Nafarroa osoan 65 urtetik goitiko bizilagunen portzentaia %17koa den bitartean, eremu honetan %21ekoa da. Deñe Abuin, Lesakako zinegotziak, tailer hauen garrantzia azpimarratu du eta ez duela inola ere, erresidentziatan ari direnei lanposturik kenduko.

Ikasleen %80a lan munduan txertatzeko helburua

Tailer hau egiteko, Nafarroako Gobernuak, Enplegu Zerbitzuaren bitartez, 149.191 euroko dirulaguntza eman duela jakinarazi du Gloria Agerri, Enplegu Bulegoko ordezkariak. Tailerrean ariko diren hamabortz pertsonez gain, tailerreko zuzendari eta monitore lanpostuetarako deialdia ere egin dela jakinarazi du. Ikasleen %80a gutxienez lan munduan txertatuz gero, etorkizunean ere honelako tailer gehiago ekarriko direla ere jakinarazi du Gloria Agerrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun