Berako Labiaga ikastolak Berako Udalaren laguntzaz antolatu duen ingeleseko udalekuetan izena emateko epea ireki du martxoaren 31tik apirilaren 11ra. Udalekuak 5 eta 12 urte arteko neska-mutikoei zuzendua dago, hau da, Haur Hezkuntzako hirugarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara bitarte ikasten dutenentzat.
Enjoy English programa
Bertze urteetan bezala, udalekuak Beran bertan eginen dira, ekainaren 25etik uztailaren 22ra, goizeko 9:30etik eguerdiko 13:30era. Begiraleak ingelesa berezko hizkuntza dutenak izanen dira, Ingalaterrakoak edo Estatu Batuetakoak, baina Ikastolen Elkartearen formakuntza segituko dute. Hain zuzen ere, horixe da aurten eskainiko diren udalekuen bertze berrikuntza: Ikastolen Elkartearen eskutik eginen dira eta Elkarteak sustatzen duen Enjoy English programa izanen dute oinarri. Matrikulatzeko 232 euro ordaindu beharko dira eta, hasieran aipatu bezala, apirilaren 11 baino lehen egin behar da izen ematea.
DBHkoak Londresera
Labiaga ikastolako kontuekin segituz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek lau eguneko bidai kulturala eginen dute aste hondar honetan Londresera. Ortzegunean abiatu dira eta igandera bitarte Ingalaterra eta Erresuma Batuko hiriburuan izanen dira, leku tipikoak bisitatuz eta ikasiz.