Escena dantza jaialdiko bi saio Beran eginen dira apirilaren 5 eta 12an

Artxibokoa 2008ko apirilaren 2a

Compañía Internacional de Dantza Contemporànea Colombiana L’Explose taldeak ‘¿Por quién lloran mis amores?’ dantzaldia eskainiko du apirilaren 12an. TTIPI TTAPA

Nafarroako eszenatokietan dantza sustatzeko xedez, Nafarroako Gobernuak Escena 2008 dantza jaialdi programa eskaintzen du. Aurten 19 herritara ailegatuko da eta horietatik eskualdean bakarra Bera izanen da.

Hamahiru dantza talde

Jaialdiak hamahiru talde gonbidatu ditu programan parte hartzera. Taldeok dantza ikuskizun mota desberdinak eskainiko dituzte: dantza neoklasikoa, antzerki-dantza, dantza garaikidea, folklore garaikidea, bolero eskola eta dantza espainiarra, flamenko klasikoa eta garaikidea, familientzako dantza, baita irudiarekin eta bideoarekin elkarreraginaren alorrean sartzen diren beste proposamen batzuk ere. Almudena Lobón Compañía de Danza, Tempomobile, Teresa Nieto en Compañía, Ibérica de Danza, Miarritzeko Ballet Gaztea, Compañía Internacional Colombiana de Danza L’explose, Aukeran Dantza Taldea, Compañía Mar Gómez, Carmen Canteroren Balleta, Rajatabla, Marina Donderis Compañía de Danza, Carmen Larraz eta Pere Faura izanen dira beraien dantza emanaldiak eskainiko dituzten dantzari eta dantza taldeak. Ohi den bezala, Aldantza eta Tempomobile izeneko talde nafarrez gainera, aurten Carmen Larraz dantzari nafarra arituko da Uharten.

Ttipi-ttaparekin doan sartzeko aukera

Berako emanaldiei dagokienez, bi izanen dira. Lehenbizikoa larunbat honetan, apirilaren 5ean, izanen da, eta bigarrena hurrengo larunbatean, apirilaren 12an. Ekitaldi bakoitzarengatik 6 euro ordaindu beharko da, baina bi ikuskizunetara sartzeko balio duen bonoa 10 euroan ere eros daiteke. Gainera, ttipi-ttapa telebistako ikusleek saio horietako batean doan sartzeko aukera izanen dute, hiru sarrera bikoitz zozketatuko baititugu, ortzirala baino lehen 948 635458 telefonora deitzen dutenen artean.

Tempomobile taldea larunbat honetan

Larunbat honetako emanaldia arratseko 8etan hasiko da Kultur Etxean. Tempomobile talde nafarrak ‘Inventana’ ikuskizuna eskainiko du. Estilo garaikidean eta haur eta familiari eskainitako saioak ordubete iraunen du. Neskatxa baten historia kontatzen du Inventana ikuskizunak; hau bere irudimenaz baliatzen da bertze mundu batzuetara bidaiatzeko eta helduen mundu zapaltzaile eta zorrotzetik ihes egiteko. Airetik, itsasotik, sabanatik bidaiatzen du eta toki guztietan lagunak aurkitzen ditu, gero bere ibilbidean laguntzen diotenak.

Kolonbiako L'Explose apirilaren 12an

Escena dantza jaialdiko bigarren saioa hurrengo larunbatean, apirilaren 12an izanen da, hau ere arratseko 8etan Kultur Etxean. Compañía Internacional de Dantza Contemporànea Colombiana L’Explose taldeak ‘¿Por quién lloran mis amores?’ dantzaldia eskainiko du. Emanaldi hau ere estilo garaikidekoa da, gazte eta helduei zuzendua eta ordubete iraunen du. Lan probokatzailea da, non dantzariak 300 edalontzi ditu lurrean paratuak; honek oreka eta kontzentrazio haundia eskatzen du. Erakartzen duen ikuskizuna da dantza talde kolonbiarrarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun