Dependentzia duten pertsonei arreta zerbitzuak eskaintzeko enplegu tailerra antolatu du Cedernak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 1a

Maiatzetik aitzinera eginen da Lesakan eta 15 lagunentzako lekua izanen da

Dependentzia duten pertsonei arreta zerbitzuak eskaintzeko enplegu tailerra eginen da aurten Lesakako udalak, Antoiu karrikaren 27an duen erabilera anitzeko aretoan. Tailer honetan, 25 urtez goitiko hamabortz langabetu prestatuko dira eta abudo hasiko da, maiatza aldean edo. Cederna-Garalur erakundeak antolatu du ikastaroa eta, Enplegu Zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen du, baita, Europako Gizarte Fondoarena eta Lesaka, Bera, Baztan eta Doneztebeko udalena ere.

Prestakuntza eta lana uztartuz

Enplegu tailer hauek, prestakuntzarako eta lanerako programa mixtoak dira, 25 urte edo gehiago dituzten langabetuek lan merkatuan sartu ahal izateko erraztasunak eman nahi dutenak. Sei eta hamabi hilabete arteko tailerrak dira eta hasieratik, prestakuntza eta lana bateratzen dira. Alkaiagako tailerraren kasuan, sei hilabetekoa izanen da eta 25 urtetik goitikoei zuzendua dago, batez ere emakumeak eta etorkinak, kualifikazioa eskasa dutenak eta dependentzia duten pertsonei arreta emateko lanetan izena emana dutenak enplegu bulegoan. Honela, etxez etxeko laguntzaile eta geriatriako erizaintzako laguntzaile espezialitateetan hamabortz lagunei formakuntza teoriko-praktikoa eskaintzea aurrikusia dago. Tailer hau egiteko, Nafarroako Gobernuak, Enplegu Zerbitzuaren bitartez, 149.191 euroko dirulaguntza eman du.

Eskualdeko bizilagunen %21, 65 urtetik goitikoa

Tailerra Lesakan ematerako orduan, kontuan hartu da Baztan, Bortziriak eta Malerreka aldean, populazioaren zahartzea nabarmena da. Honela, Nafarroa osoan 65 urtetik goitiko bizilagunen portzentaia %17koa den bitartean, eremu honetan %21ekoa da. Horregatik, dependentzia duten pertsonak zaintzearekin lotuak dauden zerbitzuen kopurua eta kalitatea hobetu behar da, batez ere kontuan hartzen bada, tradizioz, pertsona hauek zaintzen aritu izan ohi diren emakumeak, gero eta gehiago aritzen direla etxetik kanpo lanean. Ikastaroan emanen den formakuntzarekin harremana duten lanbideetan lan egiteko 75 lagunek eskaria egina dute Doneztebeko Enplegu Bulegoan. Horietatik, hamarretik zortzi, 59 zehazki emakumeak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun