Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Dependentziarako Agentziaren bitartez, 158.495 euroko dirulaguntza eman dio Enpleguaren aldeko Nafarroako Aspace Fundazioari, urritasuna duten pertsonentzako Beran duen Uxane zentroari laguntzeko. 2006an eta 2007an Gobernuak guztira 161.958 euro bideratu zizkion Uxaneri. 1979. urtean sortu zen Uxane zentroa, irabazi asmorik gabeko erakundea, eta 2003az geroztik Nafarroako Aspaceren Enplegurako Fundazioaren esku dago. Bortzirietako eta Malerrekako ezinduekin lan egiten du, euren garapenean laguntzeko. 20 lagun onartzen ditu, eta aurten 18k izena emanen dutela espero da. Uxane zentroa urtean 217 egunez irekitzen da, baina besta egunetan eta igandetan ere hainbat ekitaldi egiten dituzte, inguruko besta eta feria egunetan parte hartzeko.
Bi arlo nagusi
Uxane zentroak bi arlo nagusi ditu: Alde batetik, lanean hasi aitzineko jardueren arloa. Honetan, beraien ahalmena garatzeko lanak egiten dituzte urritasuna duten pertsonek, behar denean enplegu zentru berezian lanean hasi ahal izateko. Ohiko lanetara hurbiltzen dira pertsona hauek, muntaketa lanak eginez, enbalajean, poltsaratzean eta lorategiko tresnerirako eta autoen osagai elektrikorako piezak identifikatzen. Bertzetik, okupazio jardueren arloa dago eta hemen garapen pertsonala indartzen saiatzen dira, errazago gizarteratzeko helburuarekin. Arlo honetan, mantelak, alfonbrak, macramé, punto-kruz eta alabastroko irudiak kegiten dituzte.
Lurraren Eguna, antzerkia, gimnasia eta bertze
Aipatzekoa da Uxanen aritzen diren pertsonek urtero-urtero parte hartzen dutela Lurraren Egunean, beraien artisautza lanak erakutsiz. Horretaz gain, antzerkian eta dantzan ere aritzen dira eta urte osoan egiten duten lana Kirol Egunean ere erakusten dute. Lan hauek, aisialdira bideratutako bertze batzuekin osatzen dira, hala nola, mantenimendu gimnasia, fisioterapia, oporren programa eta informatika.