Berako Mendi Maratoi Erdiaren laugarren edizioa eginen da apirilaren 13an. Manttale Mendi Lasterketa taldeak antolatu du aurtengo edizioa ere, eta iaz bezala, 2.420 metroko desnibela egin beharko da 21 kilometroko ibilbidean. Lasterketa 9:30ean abiatuko da Berako kiroldegitik, eta 18 urtetik goitiko edozeinek parte hartzen ahal izanen du. Aurten berrikuntza gisa, medikuak izanen dira lasterketa osoan, edozer gertatuz gero, berehala artatzeko. Horrez gain, erretiratzeko hiru puntu paratuko dira. Izena emateko epea martxoaren 30ean bukatzekoa zen baina 17rako 400 parte hartzaileen muga gainditua zen. Dortsalak bezperan, apirilak 12, banatuko dira Gure Txokoa Elkartean, 17:00etatik 19:00etara. Ondotik, probari buruzko informazioa emanen du antolakuntzak. Ohiko sariez gain bertzelako gehigarriak ere banatuko dira. Hala, marka hobetzen duenak (1:41:27) 300 euroko aparteko saria jasoko du. Ibardingo Bentan tarteko helmuga bat ere jarriko dute eta bertatik lehena pasatzen denak 150 euro lortuko ditu. Gainerakoan, lehen hiru sailkatuek, gizonezko nahiz emakumezkoetan, 250, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.