Larunbateko goxoaldiaren ondotik, igande eguerdirako eguraldiaren kaxkartzea iragarria zegoen. Zoritxarrez, oraingoan asmatu zuten eguraldi iragarleek eta igande eguerdiko euriak aunitz moteldu zuen Lesakan egin zen Erdi Aroko Azoka. Aurtengoan bosgarren edizioa betetzen zuen Feria honek Lesakan eta urtero bezala, hainbat salmenta postu eta erakusketa iragarriak zeuden. Urtero bezala, Lesakako etxe batzuetan garai bateko ikurrak eta estandarteak ageri ziren, eguna girotzeko. Postuak paratu zirenean oraindik ateri zegoen, baina abudo hasi zen erauntsia.
Karrikaz karrikako animaziotik Arkupeko animaziora
Honela, urtero ikusmin handia pizten duen hegaztien hegaldi erakustaldia behin bakarrik ikusi ahal izan zen. Behin hegatu ziren miruak, hontzak eta txapeltxak, baina gero, beraien lekuetan lotuak ikusteko aukera bertzerik ez zen izan. Gauza beretsua gertatu zen karrika animazioarekin. Maimur taldea atera zen bere ibilaldia egitera, baina abudo bueltatu zen Herriko Etxe ingurura. Karrikaz karrikako animazioa izan behar zuenak, arkupe animazioa bihurtu zen. Halere, aipatzekoa da Herriko Etxeko arkupetan giro polita sortu zuela Zaragozatik etorritako Lurte taldeak. Aragoieraz zenbait kantu eskaini zituzten almogaberren arropekin jantzuta eta musika-tresnak ere garai batekoak zituzten: botoko gaita, dultzaina, Ribagorzako tronpa, txifloa eta perkusioa.
Aste Santuaren balorazio baikorra egin zuen kultur teknikariak
Turismoarekin lotutako materialaren postuan Belen Mutuberria, Lesakako kultur teknikaria topatu genuen. Eguraldia bezalaxe, goibel zegoen, hainbat lan-orduren ondotik eguraldiak ez baitzuen Erdi Aroko Azoka behar bezala garatzen utzi. Halere, Aste Santuan Lesakan egin diren bertze ekitaldien balorazio baikorra egin zuen. “Turismo Bulegotik jende aunitz pasatu da, gehien bat Bizkaia eta Bartzelonatik etorria. Horretaz gain, frontoian egin den Txiki Park-ean ere haur aunitz ibili da, arratsaldez batez ere. Ibilaldi gidatuetan ere parte hartu du jendeak, nahiz eta eguraldiak ez duen sobera lagundu. Erdi Aroko Azoka hau nolabait Aste Santua borobiltzeko eguna genuen eta pena da horrelako eguraldia suertatzea, baina orokorrean, balorazio positiboa egin dezakegu”.
Arratsaldean euri guttiago
Aterki artean, bazen zerbait erostera animatzen zen jendea: lehengo moduan egindako ogia, txorizo eta gazta artesanalak, bitxiak… baina dudarik ez da, eguraldiak aunitz zapuztu zuen igandeko ospakizuna. Arratsaldean, zerbait atertu eta oraindik ibili zen jendea postuz postu. Izan ere, Erdi Aroan ere euria egiten zuen, eta horregatik ez zen eguneroko bizimodua gelditzen.