Bortzirietako azienda feria ikusgarria egin zen larunbat goizean Lesakan. Udaberriko lehen egun eguzkitsu eta goxoa aprobetxatu zuten baserritarrek aziendak plazara ekartzeko. Gehien bat zaldi abereak ikusi ziren, 147 denera. Honela, plazan ez ezik, aparkalekuan ere lotu behar izan zituzten zaldiak, behorrak eta pottokak. Gainera, 147 horiek albaitariek eta teknikariek ezarritako hasierako galbahea pasatutakoak eta zenbatuak zeudenak ziren. Horietaz gain, bertze aunitz ibili ziren aparkalekuan. Xaruta ostatuko atarian ere aski ikuskizun polita eskaintzen zuten pottoka ttiki batek eta aitzineko egunean sortutako kume ttikiak.
Sari gehienak esku guttietara
Zaldien artean, Berako Juan Antonio Prietorenak irabazi zuen 125 euroko lehen saria. 95 euroko bigarren saria, berriz, Igantziko Mitxel Beginok eskuratu zuen eta 50 euroko hirugarren saria Xarutako Beñat Oronozek. Gainera, hobekien aurkeztutako zaldien truke eman zen zapela ere Beñat Oronozek eraman zuen, Behi azienda ere ugari ikusi zen, 27, baina guziak hiru baserritik eramandakoak: Jose Antonio Igoak Berako Begibeltzenekobordatik 11; eta Lesakako Luis Olaetxeak Makukobordatik 6 eta Jon Muñoak Iriberritik 10. Sariak berriz, bi baserrietara bakarrik joan ziren. Suizetan, hiru sariak Begibeltzenekobordako Jose Antonio Igoa beratarrak etxeratu zituen: behin onenarengatik 190 euro, bigarrenarengatik 160 euro eta hirugarrenarengatik 100 euro. Haragitako behi aziendetan ere sarien kopurua berdina zen eta sail honetan hiru lehendabiziko sariak Makukobordako Luis Olaetxeak etxeratu zituen. Ahari azienda gutti ikusi zen Lesakako plazan, bi buru bertzerik ez. Lehen saria, Arantzako Benito Elizondorenak eskuratu zuen, 35 euro.
Feria ikusgarria
Jendea gustora ibili zen aziendak ikusten. Larunbata izan arren, udazkenean ortzegunetan egiten den ferian baino lasaitasun gehiagoz ikus zitezkeen aziendak, ez jende gutti ibili zelako, plaza inguruetan izan ohi diren salmenta posturik ez zegoelakoz baizik. Bakarren bat edo bertze bazen, ikasbidairen batekoa edo, baina behiak, zaldiak eta aziendak patxadaz ikusteko modua zen. Gainera, zaldiz ibiltzeko aukera ere eskaintzen zuten Koikili Fagoagaren zaldiek.
Iazkoan, mingain urdinaren eritasunarengatik feriarik izan ez zelakoz antolatu da aurten, lehen aldiz, udaberriko feria hau, baina izan zuen arrakasta ikusita, polita izanen litzateke Lesakako besta egitarauan urtero-urtero bere tartea izatea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!