Beñat Mitxelena pilotariak Frontisekin profesionaletan debutatuko du laster

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 1a

Mitxelena, Euskal Herriko klub arteko buruz buruko txapela soinean duela TTIPI TTAPA

Euskal Herriko klub arteko buruz burukoa eta Elgoibar eta Lizarrako txapelak jantzi ditu

Sasoian dago Beñat Mitxelena pilotari gaztea. Gainera, azken egunetan jakin dugunez, laster, bere eskuineko eskuko mina sendatzen zaionean, profesionaletara jauzia eginen du. Orain arte, hala ere, bertze garaipen ugari eskuratu ditu azken hilabeteetan. Martxoaren erdialdean Mallabian (Bizkaia) Lehen Mailan jokatutako Euskal Herriko klub arteko txapelketako finalean 22 eta 12 irabazi zion Paz Zigandako Azanza pilotariari. Berako Gure Txokoa Elkartearen izenean ari da eta txapelketa ezin hobea egin du. Finalerdiak Markinan eta Beran jokatu zituen eta bi partidatan ere 11 eta 12 tanto atera zizkieten aurkariek.

Bertzalde, garaipen bide honetan, Lizarra eta Elgoibarko 22 urtez azpiko txapelketetan ere txapeldun izan da. Zorionak beraz, Beñati, eta debut egunaren zain geldituko gara.

Bertzalde, Gure Txokoarekin baina Ohorezko Mailan, Joseba Pikabea bertako gaztea eta Xabier Elizalde iturendarra binakako txapelketan aritu dira. Bikoteak ez zuen erdietsi finalera ailegatzea, Lemoan eta Beran jokatutako partidetan 22 eta 20 eta 11 eta 22 galdu baitzuen. Beraz, finalerdietan ez zuten zorterik izan Pikabea eta Elizaldek. Ea hurrengo denboraldian zorte hobea duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun