Urte aunitz daramazkite Bortzirietatik Lesakako Osasundegia handitzea eta zerbitzu gehiago izatea eskatzen. Orain, Udaletik baieztatu dutenez, aurten egi bihurtuko da Osasun Zentroaren handitze hori. Otsailaren 18an jaso zen Herriko Etxean Osasunbideko Lehen Arretako Zuzendariak egindako eskaera ofiziala. Eskaera horretan, osasundegi ondoko lur eremuetan 500 metro koadroko lur-eremua uzteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, eraikin hori handitu ahal izateko. Anpliazio honek 300 metro koadro izanen ditu beheko solairuan.
Bai proiektua prestatzea bai obra egitea Nafarroako Gobernuaren kontura izanen dira osorik. Gero ere gehiago handitzeko eta zerbitzu gehiago eskaintzeko modua izatea kontuan hartuko da diseinua egiterakoan.
Herriko Etxetik aipatu dutenez, 0 eta 3 urte arteko haurrei Arreta goiztiarra, emakumeari arreta, Gizarte laguntzailea, psikiatria, erizaintzak eta fisioterapeuta zerbitzuak eskaintzeko modua izanen da.
Herriko Etxeak eskerrak eman nahi izan dizkie Bortzirietako Osasun Kontseiluko kide diren eta izan diren guztiei. Nafarroa Baiko parlamentariak ere goraipatu dituzte Herriko Etxetik, eurek lagundu baitzuten Parlamentura joaterako orduan eta legealdi honetan Bortzirietako Osasundegia aurrekontuetara aurkeztu zutelako.