«Sorpresa eman bidenabar gaiak serio hartuz ere saiatu nahi nuen»

Aitor AROTZENA 2008ko martxoaren 31

Julen Zelaieta TTIPI TTAPA

• Julen Zelaietak (Bera, 1980) lehen aldiz jantzi du Nafarroako bertsolarien txapela. Martxoaren 15ean Elizondoko Lur dantzalekua jendez betea zegoela lortu zuen. • Azken hiru txapelketetan hor aritu da: 2005ean eta 2006an hirugarren postuan gelditu zen eta iaz, nerbioen ondorioz, bosgarren. Aurten, ordea, ametsa betetzea lortu du: txapela janztea. • Gai xelebreetan ez ezik, serioetan ere asmatu zuen finalean. Kartzelako lanean hartu zuen bidea originala eta berezia izan zen.

Txapeldun berria. Hausnartu duzu txapela zeureganatu duzula?

Bai. Lehenbiziko egunak mugituak izan ziren, eta gero hasi nintzen lasaitzen.

Gai xelebreetan espezialista zarela erran da. Aurten, ordea, gai sakonagoetan hobeki moldatu zara...

Umorera jotzen dudala erakutsia nuen eta hortan ongi moldatzen naizela. Nire hanka herrena gai serioetan nuen. Sorpresa eman bidenabar gaiak serio hartuz ere saiatu nahi nuen, eta finalerdietan ez, baina finalean lortu nuen.

Aurtengoa faborito argirik gabeko finala zen, baina beharbada finalaurrekoetako irabazleak zituen jendeak begi bistan...

Nik banekien edozeinek irabazten ahal zuela. Finalerdietako sailkapenari ez zaio kasu haundirik egin behar. Hiru saio desberdin dira eta puntuazioa ere aldatu daiteke eta ezin da konparatu. Nik gibelera utzi nituen bortz, baina horrek ez zuen erran nahi finalean hori gertatuko zenik. Nik uste sei-zazpi baginela txapela janzteko moduan eta orain berriz eginen balitz gauza bera gertatuko litzateke.

Silveira eta Estitxu Arotzena gabe maila apaldu ote den erran da, baina finala ongi joan zen.

Egia erran nire buruarekin nahiko lan izaten dut eta bertzeei ez diet kasurik egiten. Baina kartzelako lanaren tenorean joan den urteko finala baino hobea izaten ari zela komentatu genuen. Azkenean, helburua hori zen, zortziek osotasunean saio polit bat egitea. Nafarroako bertsolaritza ez da bi izenetara bakarrik mugatzen. 25 parte hartzaile ginen, eta finalean zortzi sartu ginen arren, bertze sei ere sartzeko moduan ikusten nituen.

Aitzinera begira, bertsolari gisa bizimodua aldatuko ote dizu txapelak?
Saio batzuk gehiago suertatuko dira: Bilboko bestetan, Lesakako Sanferminetan, Iruñean... Eta Nafarroako bertsolaritza txapelduna bakarra dela pentsatzen dutenek antolatutako saio edo jaialdietara joan beharko dut. Aunitzez ere saio gehiago izanen ditudan ez dakit, eta ez dakit nahi dudan ere. Denbora denetarako behar da, eta bizitza ez da bertsoa bakarrik.

Eskaintzaren orduan urteotan lagundu dizutenei eskaini zenien. Zein izan dira bertsolari munduan zuretzat oinarri izan direnak?
Hasieran Bittor, Manolo eta Estitxu, irakasle izan ditudanak. Entrenamenduetan ibiltzen garenak ere bai: Jon Barberena, Jon Elizetxe... Bertso eskolan ibiltzen ginenak: Erika, Terre, Alaitz... Denok talde bat osatzen dugu. Orain ere batzuk kanpoan utzi ditut nahi gabe, eta finaleko egunean ere gauza bera gertatu zen. Betidanik izan dut duda hori, txapeldun izatera zein bertso botako ote nuen denak kontent uzteko. Eta agurra bota nuenean saioz-saio ibiltzen garen herri finko batzuk ere aipatu nahi nituen gurekin sinisten dutelako, baina joan egin zitzaidan: Donamaria, Beuntza... Norbait ahantzi baldin badut, sentitzen dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun