Martxoaren 30ean, igandean, eginen da Erdi Aroko Azokaren bosgarren edizioa. Beti bezala, artisau postuak, karrika animazioa eta tailerrak izanen dira herriko besta egitarauan indarra hartu duen ekitaldian, eta arratsaldeko dantzaldia Erdizka Lauetan taldeak girotuko du. Igandeko Erdi Aroko Azoka izanen da martxoko azken aste hondarreko ekitaldi nagusia, baina larunbatean ere, martxoaren 29an, izanen da zer ikusi eta zer aditu.
Larunbatean, azienda feria eta lehiaketa
Goizean, azienda azoka antolatu du Lesakako Udal Kultur Batzordeak. Mingain urdinaren eritasunaren ondorioz, udazkenean ez zen aziendarik ikusi plazan. Eritasuna hedatzeko arriskurik ez dago orain, nonbait, eta udaberrian sarturik, azienda lehiaketa eginen da plazan. Gainera, sari ederrak izanen dira. Beti bezala, behi aziendetan hiru sailetan banatuko dira betabereak, holandesak, suizak eta haragitakoak, hain zuzen. Hiru sailetan, lehenbiziko saria 190 eurokoa izanen da, bigarrena 160 eurokoa eta hirugarrena 100 eurokoa. Gainera, behi azienden artean hobekien aurkeztutakoari txapela emanen zaio. Zaldi azienda lehiaketan lehen saria 125 eurokoa izanen da, bigarrena 95 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa eta hemen ere, hobekien aurkeztutakoari txapela emanen zaio. Ahari lehiaketan lehen saria 35 eurokoa izanen da, bigarrena 25 eurokoa eta hirugarrena 15 eurokoa.
Sariak gizon eta emakumeentzat
Erakustaldian Bortzirietako aziendek hartzen ahal dute parte eta saneatuak egon beharko dute. Aziendek goizeko 11:30etarako Plaza Zaharrean egon beharko dute, baina ezin dira ekarri goizeko 7:00ak baino lehen. Aziendak erakustaldian sartu baino lehen, aitzinetik aukeraketa eginen da, bereziki zaldi-azienden artean. Zenbatu eta sailkatu ez diren aziendei dietak ordainduko zaizkie, behi-aziendei 50 euro, zaldi-aziendei 25 euro eta ahariei 15 euro.
Tantirumairu dantza taldea Kasinoan eta kontzertua Atxaspin
Larunbat arratsaldean ere zenbait ekitaldi izanen dira. Arratsaldeko 19:30ean, Tantirumairu euskal folklore taldeak dantza saioa eskainiko du Kasinoan, Mexikora egindako bidaia gogoratuz eta gauez, 22:30ean, Joseba Irazoki & Balerdi taldeak kontzertua eskainiko du Atxaspi ostatuan.
Autobus geltokia suhiltzaile parkean
Lesakako Herriko Etxetik jakinarazi dutenez, asteburuko Azienda eta Erdi Aroko Azoka direla eta, larunbateko eta igandeko autobusak ez dira herrira sartuko eta geltokia suhiltzaileen parkean izanen da.