Ortzegunean, martxoaren 27an, Arkupeak jubilatu eta pentsiodunen elkarteak bere urteroko gimnasia besta ospatu du Berako kiroldegian. Hitzordua eguerdiko 12etarako paratua zuten, baina ordu erdi inguru gibelatu da. Lehenik talde guztiek elkarrekin aurkezpena egin dute. Jabier Larralde Arkupeak elkarteko kide eta delegatuak txistua jo eta kide guztiek jarraitu dute. Kiroldegiari pare bat itzuli eman eta talde bakoitza beharrezko tokian jarri da.
Bera, Leitza, Goizueta, Elizondo, Doneztebe eta Urdazubiko taldeak
Atera diren lehenak beratarrak izan dira. Hauek bi borobiletan jarri eta zinta batzuk eskuetan zituztela beraien ariketa hasi dute beroketa gisara. Ondotik luzaketa batzuk egin dituzte eta azkenik, musika dantzagarri baten laguntzaz gorputz osoa mugimenduan paratu dute. Saio polita eta ikusgarri honen ondotik beraiekin solas egin nahi izan dugu. Beratarrek akitu eta leitzarrak hasi dira. Multzo handia osatu dute eta hemen erraten ahal da gizonen presentzia nabarmenagoa zela. Oso bestelako itxura hartu diogu hauek egin duten saioari, baina garbi geratu zaigu gorputz osoa landu dutela eta meritu handia dutela. Azken taldea Elizondo, Doneztebe eta Urdazubikoa izan da. Arin eta irribartsu ekin diote lanari eta irakaslearen aginduak ez ezik, bere eredua ere ederki jarraitu dute. Behin guztiek lana akitu dutenean, parte hartzaileak kiroldegiaren inguruan jarri eta jota eta porrusalda bat dantzatu dute, lehenik musika aparailua baliatu dute eta bigarrenean Jabier Larralderen laguntza izan dute. Ondotik gimnasta guztiak kiroldegiaren alde batean jarri eta denek elkarrekin argazkia ateratzeko prestatu dira. Multzo ederra osatu dutela agerian geratu da.
Partehartzaileei opariak
Eguerdiko 13.30ak ziren dagoeneko eta antolatzaileak ordulariari begira zeuden, izan ere orain ere zenbait kontu geratzen baitziren osatzeko. Eta hala, Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek ekitaldian parte hartu dutenei opariak banatu dizkiete, termo bat eta krabelin bat. Denek kontet hartu dute oparia eta berriz ere lerroa osatu dute azken omenaldia osatu ahal izateko.
Iaz hildako mendizaleei omenaldia
Arkupeak elkarteko presidentea den Felipe Ganboak mikrofonoa eskuan zuela omendutakoak hurbiltzeko deia egin du. Iaz hildako mendizale lesakar eta beratarren senitartekoek jaso dituzte makila, boneta, oroigarria eta lore sorta. Honela, Unai Etxepareren arrebak, Xabier Saralegiren amak, Luis Mari “Loro” Pikabearen anai-arrebek eta Xabier Zubietaren emazteak eta arrebak hartu dituzte oroigarriak. Momentu hunkigarri hauen ondotik, David Sanz Jimenez Nafarroako Larrialdietarako Agentziako burua ere gogoan izan dute. Hauek egindako lana eskertu nahi izan du Arkupeak elkarteak.
Bazkaria Zalain eta Zubiondon
Azkenik, denek elkarrekin argazkia atera eta poliki-poliki kiroldegia husten joan da jubilatuak gosetuak baitzeuden. Bazkaltzeko gogoz, batzuk Zalain jatetxera joan dira, eta besteak Zubiondora. Ziur egun borobila osatzen dutela eta hurrengorako prest agertzen direla.