Igantziko udal Igerilekuko lanak esleitzeko epea apirilaren 11n bukatuko da

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 27a

Denboraldia ekainaren 13an hasi eta irailaren 14a bitarte luzatuko da

Aurtengo udako igerileku denboraldia hasteko bi hilabete baino gehiago gelditzen badira ere, Igantziko Udalak igerilekuko mantenimendu, garbiketa eta funtzionamendu lanak lehiaketara atera ditu. 1.000 eurotan atera du zerbitzua lehiaketara eta eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 11n akautuko da, eguerdiko 12etan. Egun berean eginen duen osoko bilkuran irekiko ditu Udalak pleguak, eta orduan erabakiko du zein eskaintza onartu. Hautatutakoek euren gain hartuko dute instalazioen kontrola, kudeaketa, mantenimendua eta garbiketa. Eskaintzak aurkezteko moduari buruz informazio gehiago emanen dute Igantziko udaletxean, 948 637781 telefonora deituz.

Denboraldia ekainaren 13tik irailaren 14ra

Denboraldia, berriz, ekainaren 13an zabalduko da eta irailaren 14an itxi. Jendearentzako irekia egonen da egunero igerilekua, asteburuak barne, goizeko 11:00etatik gaueko 21:00etara. Instalazioetarako sarreren kontrola, Udalak emandako argibideei eta igerilekuak erabiltzeko arauteriari segituz egin beharko du lana hartzen duenak. Sarrerako tikeak emanen zaizkio eta hamabostero dagokion likidazioa eta errekaudazioa aurkeztu beharko du, dirua udal diruzaintzan sartuz.

Sarreren %25a

Sarreren zenbatekoaren % 25 esleipen-hartzaileari dagokio. Ez dira kontuan hartuko bonoak eta Herriko Etxeak taldeekin egin ditzakeen akordioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun