Berako Ricardo Baroja ikastetxeko Guraso Elkarteak apirileko larunbatetan, txalaparta, kirikoketa, adar jotzea eta tobera jotzen ikasteko tailer edo ikastaroa antolatu du. Beraz, Ricardo Baroja eskolan eginen da ikastaroa apirilaren 5, 12, 19 eta 26an eta Jo ala Jo kultur taldeak emanen du.
Euskal perkusioaren aldaerak
Ikastaroaren helburua, ikasleek, euskal perkusio aldaera desberdinak praktikaren bidez dastatzea da, baita erritmoaren oinarrizko nozioak bereganatzea ere. Honetaz gain, kirikoketa eta tobera jotzeak eskualdekoak ditugunez, hauek berexiki landu nahi dituzte, ikasleek beraiena den ondarea balora dezaten. Haur bakoitzak euro bat bertzerik ez du ordaindu beharrik izanen ikastaroaren truke eta joaten den lehendabiziko egunean ordainduko du.
Adinaren araberako ordutegiak
Ordutegiei dagokienez, Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleek goizeko 10:00etatik 11:00etara emanen dute ikastaroa; lehen, bigarren eta hirugarren mailakoek 11:00etatik 12:00etara eta Haur Hezkuntzakoek, hau da, 3, 4 eta 5 urteko neska-mutikoek, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara.
Bi larunbatez ikasteko aukera
Tresna hauek jotzen ikasteko talde txikiak egokiagoak direlako, ikasle bakoitzak bi larunbatez ikastaroan parte hartzeko aukera izanen du, ordu bat egun bakoitzean. Ricardo Barojako Guraso Elkarteak antolatu arren, izen emate orriak ikastetxe ezberdinetan banatuko dira eta apirilaren 3an bilduko dira.