Futbolaren praktikarako beharrezkoak diren konpetentziak eta gaitasunak garatu eta zortzi eta hamabi urte bitarteko neska eta mutilen artean euskararen erabilpena bultzatzeko asmoarekin bosgarren aldiz Euskal futbol campusa antolatu dute Euskal Futbol Campus erakundeak, Lesakako Beti Gazte elkarteak eta Lesakako Udalak, Nafarroako Rural Kutxaren “Cuenta en Marcha” programaren, Udalbide eta Diario de Noticias egunkariaren babesarekin eta Beigorri eta La Mugiroarraren laguntzarekin.
Astebeteko lau txanda
Asteartean, martxoaren 25ean ireki zen izen ematea. Plazen kontsulta eta izen ematea Interneteko www.euskalfutbolcampus.net web orrian egin daiteke. Aurten, astebeteko lau txanda izanen dira: ekainaren 22tik 28ra lehendabizikoa, ekainaren 29tik uztailaren 5era bigarrena, uztailaren 27tik abuztuaren 2ea hirugarrena eta abuztuaren 3tik 9ra azkena. Bakoitzean, 54 neska-mutikoendako lekua izanen da.
Goizen futbola, arratsaldean jarduera ugari
Campus honetan irakasle lanetan monitore kualifikatuak arituko dira, jarduera fisiko eta kirol zientziatan lizentziatuak, Heziketa Fisikoko Magisteritzan Diplomatuak eta entzenatzaile nazionalak, guziak ere futbolean esperientzia zabala dutenak. Goizean futbolaren inguruko jarduerak eginen dituzte Mastegi futbol zelaian. Arratsaldetan Lesakako inguruneaz baliatuz, jarduera osagarri eta aberasgarri batzuk antolatuko dituzte, bertzeak bertze, Orienting, Talo egitea, Pottokak, Baserria ezagutzen, Ur-ekitaldiak, Euskal Pilota eta Herri Kirolak... Azken finean, futbolean oinarritu baina bertze hainbat ekitaldi proposatzen dituen udalekua da euskal futbol campusa. Gauerako ostatu Txakainlo aterpetxean hartzen dute kanpuseko partehartzaileek. Egonaldiaren prezioa 308 eurokoa da eta Rural Kutxako “Cuenta en Marcha” kontuaren titularrek 294 euro ordainduko dute.