Arkupeak elkartearen Gimnasia Besta eginen da martxoaren 27an Beran

Artxibokoa 2008ko martxoaren 26a

Gimnasia erakustaldiaren ondotik, omenaldia eta bazkaria izanen dute erretiratuek ortzegunean. TTIPI TTAPA

Iaz hildako mendizale beratarrei eta lesakarrei omenaldia eginen zaie

Arkupeak erretiratuen elkarteak urtero antolatzen duen gimnasia erakustaldia ortzegunean, martxoaren 27an eginen da Berako kiroldegian. Aurtengoa berezia izanen da besta, izan ere elkarteak omenaldia eskaini nahi die 2007an hil ziren mendizale lesakar eta beratarrei, Unai Etxepare, Luis Mari Pikabea Loro, Xabier Saralegi eta Xabier Zubieta Zubiri. Horrez gain, eskerrona agertuko zaio Nafarroako Emergentzia Agentziako zuzendariari, David Sainz Gimenezi, mendizale hauen gorpuak sorterrira lehenbailehen bueltatzeko egin zuen lan bikainarengatik. Eguerdiko 12etan hasiko da gimnasia erakustaldia. Urtero bezala, herri ezberdinetako gimnasia eta yoga taldeek bere erakustaldia eskainiko dute. Ondotik eskainiko zaie omenaldia hildako mendizaleei. Erakustaldiaren eta omenaldiaren ondotik, autobusak abiatuko dira jatetxetara. Aurten ere Zalain eta Zubiondon eginen da bazkaria. Bazkalondoan, dantzaldia izanen dute eta arratseko 8etan autobusak etxera bueltan abiatuko dira.

Italiara eta Benidormera Bidaiak

Arkupeak erretiratuen elkarteak apirilaren 21etik 30era Italiara eta maiatzaren 10etik 24ra Benidormera bidaiak antolatu ditu. Italiako bidaiari dagokionez, apirilaren 21eko goizaldean abiatuko dira Nimes aldera. Italian, hiru egun emanen dituzte Erroma hiriburua bisitatzen, baina aitzinetik Milan, Venecia, Lido de Jesolo, Florencia, Montecatini eta Asis bisitatuko dituzte. Erroma ikusi ondotik, Pisa eta Italiako Riviera bisitatuko dituzte, berriz ere Nimesen barna Doneztebera itzultzeko. Gutti gorabeherako prezioa 750 eurokoa izanen da logela bikoitzean eta norbaitek bakarkako logela nahi balu, 188 euro gehiago ordainduko lituzke.

Benidormera bi asterako

Benidormera maiatzean eginen da bi asteko bidaia. Maiatzaren 10ean aterako da autobusa Irundik eta errepide nagusian hartuko ditu bidaiariak. Joaneko eta etorrerako bazkaria bidean eginen dira eta hori ere prezioan sartua dago. Benidormeko Fenicia hotelean hartuko dute ostatu eta 120 pertsonentzat lekua duela kontuan hartuz, muga pasatuz gero, denen laguntza beharko dela jakinarazi dute, ahalik eta irtenbiderik egokiena aukeratzeko. Bidai osoaren prezioa pertsonako 495 eurokoa da logela bikoitzean. Gela banakakoa baldin bada, 695 euro guzira. Aurten, pentsio osoa, ura eta ardoarekin sartua dago prezioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun