Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkartea da ANFAS. Duela 47 urte, 1961garren urtean sortu zen Iruñean. Geroztik, XXI. mende hasieran, Nafarroa osora hedatu da eta gaur egun 2.600 bazkide inguru ditu, horietatik mila inguru adimen urritasuna duten pertsonen senideak. ANFASen helburua, adimen urritasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta garapen pertsonala hobetzea da, baita gizartean beraien partehartzea bultzatzea ere.
Lesakan bortz urte bete ditu Atentzio Goiztiar programak
Duela bortz urte, 2003an hasi ziren atentzio goiztiar planarekin inguru honetan, Lesakako osasun etxean eta Donezteben eta Elizondon ere lanean ari dira. Hain zuzen, larunbat honetan, martxoaren 29an, Nafarroa iparraldeko ANFASeko familien lehenbiziko topaketa eginen dute Lesakan eta Nafarroa osoko 130 lagun baino gehiago biltzea espero dute, tartean senideak, profesionalak eta adimen urritasuna duten pertsonak. Topaketaren helburu nagusia zonaldea dinamizatzea eta ANFAS elkartea familiei eta, orokorrean, jende guziari ezagutzera ematea da.
Azienda feria eguna aprobetxatuz
Aipatzekoa da egun horretan azienda feria izanen dela Lesakan eta ANFASek laguntza eskaini dio Lesakako Udalari, Txiki Park, pailazoak edo dantzak antolatzerako orduan. Honela, goizeko 10etatik 14:00etara azienda feria izanen da. Goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara Txiki-Park izanen da frontoian. Eguerdiko 14:00etan bazkaria izanen dute Kattu eta Kasino jatetxeetan. Arratsaldeko 17:00etan, Zirika Zirkus pailazoen emanaldia izanen da Plaza Zaharrean eta eguna akautzeko dantza emanaldia Kasinoan.
Anai-arreba ttikien programa abudo hasiko da
Aipatu bezala, ANFASek atentzio goiztiar programarekin bortz urte daramatza lanean gure inguruan. Gaur egun, bertze programa batzuk ere abiatu ditu, bertzeak bertze familiendako informazio eta aholkularitza zerbitzuak edo adimen urritasuna duten pertsonen guraso eta anai-arreba ttikien formakuntza taldeak. Gaur egun, Lesaka, Doneztebe eta Elizondon, urritasuna duten edo izan dezaketen 13 haur parte hartzen ari dira Atentzio Goiztiar programan. Senideen taldeari dagokionez, bederatzi gurasok parte hartzen dute Anfasek Lesakan duen lokalean hilean behin egiten den saioan. Azkenik, abudo hasiko den anai-arreba ttikien tailerrean lau haurrek hartuko dute parte.