Ibai Mitxelena eta Iñigo Rodríguez dira Lesakakako Batzoki elkarteak hirugarren urtez antolatutako Bortzirietako frontenis txapelketatako txapeldun berriak, martxoaren 15ean, larunbatean jokatutako finalean Diego Martinez eta Xabi Maritxalarri 30 eta 23 irabazi ondotik. Partida azken emaitzak erakusten duena baina berdinduagoa izan zen, nahiz eta beti gorriak aintzinetik joan, eta gehienetan hirzpalau tantuko aldearekin. Halere, Mitxelena eta Rodriguez 16 eta 10 paratu ziren aitzinetik, baina horren ondotik 17 eta 16ra ere hurbildu ziren Martinez eta Maritxalar.
Maritxalarren pattalaldia
Aitzineko koadroetan tiki-taka handia zuten Mitxelenak eta Martinezek eta tantuak, batzutan gorrien alde eta bertzeetan urdinen alde erortzen ziren. Gibelean ere, golpe izugarriarekin zeuden bai Iñigo nahiz Xabi, baina beharbada beteranoak hobeki bilatzen zuen errebote-zokoa eta behar zenean, bere erritmora egokitzen zuen partida. Gainera, hogeigarren tantu aldera pattalaldia izan zuen Xabi Maritxalarrek eta hiru-lau pilota erraz galdu zituen. Hortxe hartu zuten alde erabakigarria gorriek eta 26 eta 20 aitzindu ziren. Partida gogorra zoaien eta urdinek ezin izan zuten gehiago hurbildu. Azkenean, 30 eta 23 irabazi zieten Ibai Mitxelenak eta Iñigo Rodriguezek Diego Martinez eta Xabi Maritxalarri.
Sari banaketa
Sari banaketan, lehenbiziko bi edizioetako txapeldunek, Josu Almandozek eta Iker Aiestaranek txapelak paratu zizkieten aurtengo txapeldun berriei. Aurten, tantu bakarrarengatik, finalerdietan gelditu ziren Almandoz eta Aiestaran. Txapelez gain, 160na euro eskuratu dituzte Iñigok eta Ibais.