Akautu da Euskal Herriko goma gaineko txapelketa, eta azken jardunaldia Lesakan jokatu zen larunbatean, martxoaren 15ean. Azken ekinaldi honetara ailegatu orduko, ia dena erabakita zegoen. Mutilen 560 kilotan, txapela segurtatuta zuen Abadiñon, baina bigarren postua zegoen erabakitzeko. Emakumeen 480 kilotan, dena erabakita zegoen, sailkapeneko hiru postuak nola banatuko ziren aitzineko asteburuan argitu zen-eta. Dena den, sailkapenean aldaketa handietrako aukerarik ez bazen ere, emozio handietako larunbat arratsaldea izan zen Lesakakoa.
Abadiñok, aldaketa ugarirekin, ez zuen tiraldirik irabazi
Mutilen 560 kilotan ezustekoa izan zen, aurten lehen aldiz azken postuan gelditu baitzen Abadiño. Orain arte ia tiraldirik galdu gabe zegoen Euskal Herriko txapelketako kategoria guzietan, eta herenegun biak galdu zituen Lesakan. Txapela segurtatua zutela egia da, eta gazte batzuei aukera eman nahi izan zieten, eta nabaritu egin zen. Berriozarren eta Amaiurren aurka galdu egin zuten berdeek, eta Amaiurrek Berriozarri irabazi egin zion, bi tiraldi gogorren ondotik. Lehenbizikoan, epaileak bina falta adieraziak zizkien bi taldeei eta hirugarrena ere adierazi zion Berriozarri, hauen haserrerako. Bigarren tiraldia ere gogorra izan zen, eta azkenean baztandarrek irabazi zuten.
Desenpaterakoan Berriozar gailendu zitzaion Amaiurri
Beraz, azken jardunaldi honetan Amaiur izan zen onena, Berriozarren eta Abadiñoren aitzinetik. Tiraldi guziak irabazi zituen Amaiurrek. Sailkapen nagusian, berriz, berdinduta gelditu ziren Amaiur eta Berriozar, eta kitarakoa, desenpatea, jokatu behar izan zuten. Kitarako tiraldietan, ordea, Berriozarrek irabazi zizkion bi tiraldiak Amaiurri. Azkenean, sailkapen nagusia honela gelditu zen: Abadiño lehen postuan, 7 punturekin; bigarren Berriozar, 5,5 punturekin; eta hirugarren Amaiur, 5,5 punturekin.
Nesketan Badaiotz txapeldun eta Beti Gazte txapeldunorde
Aipatu dugun bezala, nesken azken jardunaldiak ez zuen deus jokoan, dena erabakita baitzegoen, eta hala ere aitzineko hiru jardunaldietako emaitzak errepikatu ziren. Gasteizko Badaiotzek denak irabazi zituen, eta etxeko taldeak, Beti Gaztek, berriz, Oiartzungo Girizia hartu zuen mendean. Sailkapen nagusian, Badaiotz izan da onena 12 punturekin; bigarren Beti Gazte izan da 8 punturekin; eta azkena Girizia 4rekin.
Beti Gazteko entrenatzaileei omenaldia
Halere, aipatzekoa da nesken artean ere izan zela emoziorik, batez ere sari banaketaren aitzinetik. Beti Gazteko neskek, txapelak eta dominak banatu aitzinetik, omenaldia eskaini nahi izan zieten beraien prestatzaile lanetan aritu diren lau mutilei, Paxkual Taberna, Oskar Telletxea, Iñaki Igoa eta Joxean Mujikari. Neskek, lore-xorta eta txapel bana eman zieten eta hortaz gain, aita izan berri den Paxkuali, Beti Gazteko sokatira taldearen kamixeta ttiki bat ere eman zioten opari.