Banakako Urrezko Aizkora igandean abiatuko da Beran

Aitor AROTZENA 2008ko mar. 14a, 12:39

Oihan Larretxeak Beran eginen den lehen kanporaketan parte hartuko du, 18 urtez beheitiko kategorian. TTIPI TTAPA

Elite, 23 urtez beheitiko eta 18 urtez beheitiko kategorietan jokatuko da

Berriki akautu den binakako Urrezko Aizkolari txapelketaren ondotik, igande honetan, martxoaren 16an, banakako txapelketa abiatuko da Beran. ETB-Kaiku Sari Nagusi honetan, elite, 23 urtez beheitiko eta 18 urtez beheitiko kategorietan lehiatuko dira eta eskualdeko hainbertze aizkolari ariko dira. Denetara, elite mailan 36 aizkolari ariko dira, 23 urtez beheitiko kategorian 7 eta 18 urtez beheitiko kategorian 9 aizkolari gazte.

Mikel Mindegiak ez du parte hartuko

Elite mailan ez du parte hartuko Mikel Mindegiak, oraindik menisko ebakuntzatik errekuperatzen ari baita, ezta zigortua dagoen Unai OtaƱo ere. 23 urtez beheitiko kategorian ez da Iker Gorriti arituko, lepauztaia hautsia baitauka. Aurten lehen aldiz parte hartuko dutenen artean, elite mailan Xabier Ariztegi etxalartarra eta Salinas de Oroko Eraso daude.

Lau norgehiagoka Beran

Hasieran aipatu bezala, banakako urrezko aizkolarien lehiaketa igande eguerdiko 12etan abiatuko da Berako Eztegara pilotalekuan eta lau norgehiagoka batera ikusteko modua izanen da. Alde batetik, etxeko aizkolari bat, Oihan Larretxea, Segoviako Jon Rodriguezen kontra ariko da. Elite kategorian berriz, hiru lehia izanen dira: Sunbillako Felix Etxeberria, Salinas de Oroko Erasoren kontra alde batetik; Patxi Mindegia zubietarra, Xabier Ariztegi etxalartarraren kontra bertzetik; eta David Amillano altsasuarra, El Espinarko Juan Rodriguezen kontra, azkenik.

Finala Azpeitian

Igandean Beran abiatuko den txapelketak Azpeitian izanen du akabaila maiatzaren 31n edo ekainaren 1ean. Hiru kategorietako finalak orduan jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun