Unibertsitatea eta euskara Bortzirietan 2007 ikerlanaren aurkezpena egin dute ortzegun eguerdian Etxalarko Kultur Etxean. Ekitaldian, Urko Ikardo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikariak, Ainara Maia, Mankomunitateko lehendakariak eta Arantzako alkateak eta Iñaki Iurrebaso, ikerlana egin duen Aztiker Jendarte-ikerketa aplikatuak enpresako soziologoak azalpenak eman dituzte. Lehenik, Urko Ikardok ikerlanaren laburpena egin du. 2000tik 2006era batxilergo titulua erdietsi zuten gazteei galdeketa egin zitzaien joan den urteko udan, unibertsitate ikasleek ikasketa eta ikastokia aukeratzeko euskarari ematen dioten garrantzia ezagutu nahi zuten eta emaitzak argigarriak direla aipatu du Euskara teknikariak.
Bortzirietako ikasleen %16ak bakarrik ikasten du Nafarroako unibertsitatetan
Aztiker Jendarte-ikerketa aplikatuak izan zen ikerketaren egilea. Inkesta telefono bidez egin zuten 2007ko abuztuan. Azkeneko 6 urteotan batxilergoa eskuratu duten 238 ikaslek erantzun zioten inkestari eta emaitzak, hortaz, nahikoa adierazgarriak direla aipatu du Iñaki Iurrebaso soziologoak. Ikerlanean ageri diren datu azpimarragarrienen artean, aipatzekoa da Bortzirietako ikasleen %16ak baino ez duela ikasten Nafarroan eta Nafarroako bi unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Universidad de Navarra bosgarren eta seigarren tokian daude hurrenez hurren. Euskarazko eskaintza, unibertsitatea edo ikastokia aukeratzeko arrazoi nagusia ikasleen %52,5arentzat, eta kontuan hartu zuten ikasleen %40,2ak. Ikasleen % 69,2k euskara hutsez egin nahiko lituzkete ikasketak, eta %13,1ek gehiena euskaraz.
Euskara Mankomunitatearen eskaria
Gauza jakina da Bortzirietako ikasleek anitzetan ezin dituztela unibertsitate ikasketak euskaraz egin, eskaintza aunitzez ere murritzagoa delako. Bereziki kezkagarria da Nafarroako unibertsitateen egoera, non euskararen presentzia hutsaren hurrengoa den. Horregatik, eta datuak esku-artean, gai honen ardura duten erakundeei, eta bereziki, Nafarroako Gobernuari eta unibertsitateei eskaera eginen die Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, euskaraz ikasteko eskubidea eta euskarazko eskaintza bermatu ditzaten. Honela jakinarazi zuen Ainara Maia presidenteak.
Bezero potentzialak galdu
Bortzirietako Euskara Mankomunitateko presidentearen ustez, Nafarroako unibertsitateek bezero potentzialak galtzen dituzte euskaraz ikasteko aukerarik ematen ez dutenean.