Arantzako Ekaitza elkarteak batzorde berria osatuko du egunotan

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 12a

Martxoaren 29an sagardotegira ateraldia antolatu du

Joan den otsailaren 23an Arantzako Ekaitza Elkarteko batzarra egin zen. Zenbait puntu jorratu ziren eta tartean, bi urtero behin aldatzen den juntako kide bozkatuenen berri eman zen. Izan ere, junta aldaketaren txanda da aurten eta horretarako, aintzinetik elkarteko bazkide guziei kideen izen zerrendarekin paperak bidali zitzaizkien hamar izen hautatzeko aukera emanez. Hori horrela, kontaketa lana egin ondoren, boto gehien jasotako hamar bazkideren izenak zehaztu ziren. Oraindik ardurak edo karguak banatzeko bilerarik ez dute egin eta honen berri izatean, jakitera emanen dugu nortzuk osatuko duten hurrengo bi urteetan Arantzako Ekaitza elkarteko batzordea.

Martxoaren 29an sagardotegira

Arantzako elkarte handienaren berriekin segituz, aipatu martxoaren 29an Hernaniko sagardotegi batera irteera antolatu dutela Ekaitza Elkarteak eta Gazte Asanbladak elkarlanean. Autobusa eguerdiko 12etan aterako da herritik eta goizaldeko 4etan eginen du itzulera. Joan nahi duenak herriko ostatuetan aurkituko ditu txartelak 10 eurotan. Martxoaren 20a arte egonen dira salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun