Berako ANVk, Josu Iratzoki alkateak sinatutako idatzi baten bitartez erantzun nahi izan dio joan den astean udaletxean oposizioa osatzen duten EA, Aralar eta PNV taldeek, Ugaldea auzoko etxebizitza proiektuaren inguruan egindako kritikei.
«Etxebizitzek sortzen duten inpaktuari aterabidea»
Berako ANVk jakinarazi duenez, bere asmo bakarra etxebizitza hauek sortzen duten inpaktuari ahal den neurrian aterabidea ematea da eta orain arte proposatu duten gauza bakarra errebisioa bat egitea da eta horren arabera, etorkizunean zer egin erabaki. Errebisio hori egitea Udaletxeak eta Nafarroako Gobernuak onartu beharko luke lehenik, eta horren arabera, proiektua moldatzen ahal da edo ez. Udalak aldaketak baloratzeko aukera izanen luke eta horrek zenbat kostako litzatekeen aztertu, eta hori ikusita moldaketak eginen lirateke edo ez, baina beti plenoan onartuta gero.
«Hauteskundeengatik atera da orain gaia»
Josu Iratzoki alkatearen erranetan, gaia lehenagotik batzordetan eta udal batzarrean eztabaidatu da eta harrigarria iruditu zaio orain ateratzea, hauteskundeengatik ez bada. Hautetsi independentistei ere harrigarria iruditu zaie EAJ-PNVren udal taldearen jarrera ere, beraiek bezala udalean berriak izanik eta proiektua onartu ondotik sartu arren, “ez baitute espedientea aztertu ere egin”.
«Urrats bakoitzean, aprobetxamendu handiagoa»
ANVk azpimarratu duenez ez dute inola ere Berako etorkizun ekonomikoa hipotekatu nahi, oposizioak zioen bezala. Alkateak sinatutako idatziak dioenez, “badirudi zentzugabekeria honen errudun bakarra 2004an onartutako hirigintza plana dela, baina eman den urrats bakoitzean aprobetxamendu handiagoa atera nahi izan zaio lur eremuari, aitzineko legealdiko Herriko Etxearen eta hirigintza aholkularien laguntzarekin”.