Beñat Mitxelena aranztarrak buruz buruko Euskal Herriko klub arteko txapelketa irabazi du Gure Txokoa elkartearekin. Larunbatean Mallabian jokatutako finalean 22 eta 12 irabazi zion Paz Zigandako Azanzari. Beñat Mitxelenak txapelketa bikaina egin du eta finalerdietan aisa menperatu zuen Markinako Malaxeberria. Markinan jokatutako partidan 12 eta 22 irabazi zuen aranztarrak eta Beran jokatutakoan, 22 eta 11. Gero, finalean ere aisa menperatu zuen Azanza. Honela, Nafarroako klub artekoan tantu bakarrarengatik finala galdu ondotik, Euskal Herrikoan txapela irabazita kendu du arantzatxoa Arantzako pilotari dotoreak. Honela, gainera, heldu den denboraldian, buruz buru Ohorezko mailan jokatzeko txartela eskuratu du Gure Txokoak.
Binaka finalerdietan kanporatu zuten Gure Txokoako bikotea
Binakako finalean, aldiz ezin izan zuen sartu Gure Txokoaren izenean ari ziren Joseba Pikabea aranztarrak eta Xabier Elizalde iturendarrak. Hauek, Lemoako Eguzkitza profesional ohia eta Zabala izan zituzten arerio. Lemoan jokatutako joaneko partidan, 22 eta 20 galdu zuten. Berako partidan buelta emateko aukera izan zezaketela zirudien, baina 11 eta 22 galdu zuten Picabea eta Elizaldek.
Xabier Elizalde iturendarrak Garferekin debutatuko du
Orain, binaka ere Ohorezko Mailan jokatu ahal izateko promozioa jokatu beharko du Gure Txokoak. Xabier Elizalde iturendarrak ez du parte hartzerik izanen, asteburu honetan profesionaletan debuta egin behar baitu Garferekin. Briviescan, Burgosen, jokatzekoa du partida eta Elkoro izanen omen du kontrario gibeleko koadroetan profesionaletako lehen partida honetan.