Lesakako Osasun Zentroa aurten handitu eta zerbitzu berriak eskainiko ditu

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 11

Eraikinaren ondoan 500 metro koadroko lur-eremua utziko du Nafarroako Gobernuak

Urte aunitz daramazkite Bortzirietatik Lesakako Osasundegirako zerbitzu gehiago eskatzen, eta legealdi bat osoa osasundegia handitzeko eskaera eginez bertze zerbitzu batzuk berreskuratzeko. Zerbitzu horiek leku faltagatik galduak zituen Bortzirietako Osasun Zentroak, eta berreskuratzea lehentasunezkoa zen jendeari eskaintzen zaion zerbitzua hobetzeko.

300 metro koadro gehiago beheko solairuan

Lesakako Udaletik baieztatu dutenez, aurten, 2008. urtean, egi bihurtuko da Osasun Zentroaren handitze hori. Otsailaren 18an jaso zen Lesakako Herriko-Etxean Isabel Martin Montaner-ek, Osasunbideko Lehen Arretako Zuzendariak, egindako eskaera ofiziala. Eskaera horretan, osasundegi ondoko lur eremuetan 500 m2 lur-eremua uzteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, eraikin hori handitu ahal izateko. Anpliazio honek 300 m2 izanen ditu beheko solairuan.

Proiektua eta obra Nafarroako Gobernuak ordainduko du

Bai proiektua prestatzea bai obra egitea Nafarroako Gobernuaren kontura izanen dira oso-osorik, eta kontuan hartuko da, diseinatzerakoan, gerora begira egiten ahal diren anpliazioak ez hipotekatzea. Hau da, gero ere gehiago handitzeko eta zerbitzu gehiago eskaintzeko modua izatea.

Zerbitzu gehiago

Ondoko zerbitzu hauei erantzuna emateko moduan egonen direlakoan uste dute Lesakako Herriko Etxean: 0 eta 3 urte arteko haurrei Arreta goiztiarra, arreta emakumeari, Gizarte laguntzailea, psikiatria, erizaintzak eta fisioterapeuta.

Bortzirietako Osasun Kontseilua

Aukera honetaz baliatu nahi izan du Lesakako Herriko Etxeak eskerrak emateko Bortzirietako Osasun Kontseiluko kide diren eta izan diren guztiei, elkarte ezberdinetako ordezkaritik hasi eta Osasundegiko profesionalei, sindikatuei eta udal ordezkariei, legislatura honetakoak eta aintzinekoak. Nafarroa Baiko parlamentariak ere goraipatu dituzte Herriko Etxetik, eurek lagundu baitzuten Parlamentura joateko orduan eta legealdi honetan Bortzirietako Osasundegia aurrekontuetara aurkeztu zutelako. Lesakako Udalaren idatziaren arabera, “Garbi gelditu da lagun aunitzen elkarlaneko jarduerak eta esfortzuak lortu duela nahi genuen helburua”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun