Berako EA, Aralar eta EAJ alderdien udal taldeek Ugaldea auzoan kiroldegiaren ondoko etxea eraikitzeko orduan eman den eztabaida ikusiz eta EAE-ANVk Udal Berri aldizkarian eman duen informazioari erantzuteko prentsaurrekoa eman zuten martxoaren 6an. PNVko Santi Altzuguren, EAko Helena Santesteban eta Aralarko Jon Abril zinegotziek egin zuten agerraldia. Udal talde hauen arabera, etxebizitza proiektuak legearen betebehar guztiak betetzen ditu. Proiektua jendeaurrean egon zenean eta alegazioak egiteko epean, inguruko bizilagunek ez zutela inolako alegaziorik aurkeztu ere azpimarratu zuten. Etxebizitza hauen afera ANVk udal hauteskundetan kanpaina egiteko baliatu zuela salatu zuten eta Josu Goia alkatea zenean egindako plana dela aipatu. Orain aprobetxamendu txikiago izan behar duela onartuko balitz, Udalak dirua galduko lukeela uste dute.