Apirilaren 13an eginen da Mendi Maratoi Erdiaren laugarren edizioa

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Martxoaren 30ean akituko da izen emateko epea

Manttale Kirol Taldeak apirilaren 13rako antolatu du Berako IV. Mendi Maratoi Erdia. Lasterketak iaz Euskadiko Txapelketa hartu bazuen ere, ohiko formatoa berreskuratuko du. Antolatzaileek 400 korrikalarik parte hartzeko itxaropena daukate.

Ibilbidea iazko bera izanen da: 2.420 metro baino gehiago igo beharko dituzte 21 kilometroko ibilbidean eta Larun mendiaren 900 metroko altuera izanen dute gainditu beharreko altuerarik handiena. Marka hobetzen duenak (1:41:27) 300 euroko saria jasoko du. Ibardingo Bentan tarteko helmuga bat jarriko dute eta bertatik lehendabizikoa pasatzen denak 150 euroko gainsaria lortuko du. Bertzalde, lehen hiru sailkatuek, gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan, 250, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Federatu eta federatu gabe daudenentzako lasterketa irekia da. Izen emateko epea martxoaren 1an ireki zen eta 30era bitarte luzatuko da, beti ere 400 partaideko muga gainditzen ez bada. Izena www.mantalle.com web orrian egin daiteke. Inskripzioa egiten dutenek produktu gastronomiko sorta bat, kamiseta eta galtzerdiak eskuratuko dituzte eta proba bukatzen denean eginen den zozketan parte hartuko dute. Lasterketa 9:30ean kiroldegitik abiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun