Ugaldea auzoko etxebizitza proiektuak legea betetzen duela azpimarratu dute Berako EA, Aralar eta PNVk

ttipi-ttapa 2008ko martxoaren 6a

Santi Altzuguren (EAJ-PNV), Helena Santesteban (EA) eta Jon Abril (Aralar), ortzegun goizean emandako prentsaurrean. TTIPI TTAPA

ANV afera erabiltzen ari dela ere aipatu dute prentsaurrean

kiroldegiaren ondoko etxea eraikitzeko orduan eman den eztabaida ikusiz eta EAE-ANVk Udal Berri aldizkarian eman duen informazioari erantzuteko prentsaurrekoa eman dute ortzegun goizean. PNVko Santi Altzuguren, Eusko Alkartasunako Helena Santesteban eta Aralarko Jon Abril zinegotziek egin dute agerraldia. Helena Santestebanek azalpenak gazteleraz eta Jon Abrilek euskaraz. Hiru udal talde hauen arabea, etxebizitza proiektuak legearen betebehar guziak betetzen ditu: “Obra lizentzia ontzat jo da prozesuan esku hartu duten teknikariek egin dituzten txosten guzietan. Udalaren Hirigintza Planeko arauetan finkatu ziren etxearen bolumena eta altuera; baita bere hirigintza-aprobetxamendua eta gehieneko mugak ere. Arau horiek egintzen dute eta bete egin behar dira. Oroitu behar dugu gaur egun indarra duen Hirigintza Plan hori Josu Goia alkate zuen Udalak onetsi zuela”. Hiru taldeek aipatu dute aitzineko legealdian 20 etxebizitza izatetik 28 izatera aldatzea onartu zela, “baina aldaketa horrek ez zuen eraikitzeko bolumenean inolako aldaketarik ekarri”.

Alegaziorik ez

Proiektua jendeaurrean egon zenean eta alegazioak egiteko epean, inguruko bizilagunek ez zutela inolako alegaziorik aurkeztu ere azpimarratu dute Berako EA, Aralar eta PNVk: “Kezka eta zalantza geroago agertu zituzten, obra egiten hasi eta gero, gehienbat terrenoaren mugak zirela eta, uste zutelako obrak kalte egiten ziela. Orduan, Udalak bitartekari lana egin zuen, promotorearen eta inguruko bizilagunen artean. Udalak eskatu zitzaion informazio guzia eman zien herritarrei”.

ANVren erabilera

Etxebizitza hauen afera, ANVk udal hauteskundetan kanpaina egiteko baliatu duela uste dute Berako udalean oposizioan dauden hiru taldeek: “Gero, bere kandidaturan sartu zuen orduko udalaren aitzinean protesta agertu zuen bizilagun talde horren ordezkaria eta gaur egun Herrilanen batzordeko burua da. Geroztik, ANVk plana berrikustea proposatu du”.

Udalak hirigintza plana bete behar du

Berako EA, Aralar eta PNVren ustez, udalak legea bete behar du, eta kasu honetan Hirigintza Plana, “eta ez lizentzia ematen edo kentzen ibili iritzi subjektiboen arabera. Orain egiten ari diren bertze balorazio horiek lehenago egin behar ziren, Udal Planaren diseinu eta, hortaz, hirigintza kontuetan gure herriak etorkizunean ibili behar zuen bidea eztabaidatu ziren garaian, 1999-2003 legegintzaldian”.

Bi milioi euroko galera udalarentzat

Orain unitate aprobetxamendu txikiago izan behar duela onartuko balitz, udalak dirua galduko lukeela uste dute Berako oposizioko hiru taldeek: “ANVk arrazoia eman nahi dio herritar multzo bati, herritar guzien diruaren kontura. Hori eginez gero, zenbat kostatzen ahal zaio herriari? Kalkulu batzuk eginda, zenbaitek bi milioi euro jotzen dute. ANV oraindik ere zor handiagoa nahi ote du herriarentzat?” galdetuz akautu dute prentsaurrekoa Berako EA, Aralar eta PNVko kideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun