Lesakako Beti Gazte elkarteak urteko batzarra egin zuen joan den ortziralean, otsailaren 29an. Lesakako elkarterik handiena izanik, 900 bazkide baino gehiagorekin, hogei bertzerik ez ziren agertu iazko kontuak eta aurtengo aurrekontua eta ekitaldiak aztertzen dituen batzar erabakior honetara. Joan den urteko kontuak galerarik gabe itxi zirela eta iaz erabakitako kuotaren igoera urte hasieran egin dela kontuan hartuz, aurten bazkideen kuotan ez da igoerarik izanen.
Futbol zelaiko aldageletarako 100.000 euro
Hori bai, 2008rako aurreikusitako aurrekontuan igoera nabarmena izanen da, futbol zelaiko aldagelak egiteko 100.000 euro bideratuko baitira. Guzira 177.000 euro inguruko aurrekontua izanen du aurten Beti Gazte elkarteak. Aipatzekoa da futbol zelaiko aldagelak egiteko, Espainiako Futbol Federazioaren dirulaguntza ere izanen dela eta lanak auzolanean egitea aurrikusi du Beti Gaztek. Halere, elkartearen gasturik handiena izanen da aurten. Bertze gainerako diru-sailetan ez da aldaketa nabarmenik.
Lesakako IX. Mendi Itzulia
Urteko ekitaldien artean, aipatzekoa da Beti gaztek antolatzen duen Lesakako IX. mendi itzulia eginen dela ekainaren 15ean. Gainera, itzulia Nafarroako ibilbide luzeen zirkuitoan sartua dago eta zirkuito horretako azkena izanen da aurten. Nafarroako Mendi Federazioan 75 mendizale federatuta daude Beti Gazteren izenean.
Mendi bizikleta ibilaldia berreskuratuko da
Bertze ekitaldi aipagarria irail aldera eginen den mendi bizikleta ibilaldia izanen da. Beñardo Iantzi eta Joxemi Maritxalar sartu dira txirrindularitza bokalian eta proba hori berreskuratuko du aurten Beti Gaztek. Duela urte saila egiten zen, baina istripu baten ondorioz izandako arazoengatik, elkarteak bertan behera utzi zuen. Beraz, aurten berriz ere proba hori izanen da. Aipagarria da 30 txirrindulari federatu direla Beti Gazterekin eta taldeak txirrindulari jantzi berriak ere badituela.
Zuzendaritza batzodean aldaketak
Zuzendaritza batzordean ere aldaketa batzuk izanen dira. Salvador Iantzik segituko du presidente karguan, baina presidente ordeak Joxe Mari Erkizia eta Diego Garibai izanen dira, Jose Ignacio Goia “Gofi”ren ordez. Futbol saileko arduradunak Endika Mendegia eta Mitxel Txoperena izanen dira.