Emakumeen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8a, eta horren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Bortzirietako Berdintasun Arloak, “Emakumeok badugu zer ikusirik” lelopean. Herriz-herri eginen diren ekitaldien artean zine-foruma dago, emakumeen historia eta istorioen inguruan bortz herrietan eskainiko den pelikula sorta.
Zine-foruma herriz herri
Etxalarren hasiko dute itzulia zine emankizunek. Martxoaren 6an Kultur Etxean arratseko 20:00etan “Emakumeon historia irudietan” bideo bilduma ikusi ahal izanen da, eta 20:30ean Isabel Coixeten “Mi vida sin mí” filma eskainiko da. Biharamunean, martxoak 7, Lesakan Erabilera anitzeko gelan, arratseko 20:00etan, “Emakumeon historia irudietan” bideo bilduma ikusteko aukera izanen da, eta 20:30etan Pedro Almodovar zuzendari ezagunaren “Volver” filma eskainiko da. Martxoaren 8an, Berara ailegatuko da “Emakumeon historia irudietan” bilduma. Arratseko 20:00etatik aitzinera eskainiko da Kultur Etxean, eta ondotik, “Memorias de Antonia”, Marleen Gorrisen filma ikusgai izanen da. Martxoaren 12an, Igantziko Zahar Etxean hartuko du lekukoa “Emakumeon historia irudietan” bideo sortak. Arratseko 20:00etan hasiko da eta ondotik, 20:30ean, Hoganen “La boda de Muriel” filma eskainiko da. Azkenik, martxoaren 13an Arantzan izanen da ikusgai “Emakumeon historia irudietan” bideo bilduma, hau ere, arratseko 20:00etan. Ordu erdi beranduago, “Fuego” izeneko filma eskainiko da, Deepa Mehta zuzendariarena.
Emakumeon Astea Beran
Bortzirietako Berdintasun Arloarekin elkarlanean, Berako Uxua Emakume Taldeak erakusketa eginen du emakumeek egindako lanekin. Martxoaren 5ean, asteazkenean, erakusketako lanak bilduko dituzte, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Biharamunean, martxoaren 6an zabalduko dute erakusketa, arratsaldeko 18:00etan. Ordubete beranduago, “Mujer de mil caras” ipuina eskainiko da. Martxoaren 7ko arratsaldean ere irekiko dute erakusketa, 18:00etatik 19:00etara. Arestian aipatutako “Memorias de Antonia” filmaren ondotik arratseko 21:30ean afaria izanen da Zubiondo jatetxean. Izen emateko aitzinetik 948 625472 telefonora deitu beharko da.