Berako IV. Mendi Maratoi Erdia apirilaren 13an jokatuko da

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 3a

Izen emateko epea zabalik dago martxoaren 30a bitarte

Berako Mendiko Maratoi Erdiaren laugarren edizioa apirilaren 13an jokatuko da. Lasterketak, iaz Euskadiko Txapelketa hartu ondoren, ohiko formatoa berreskuratuko du eta Manttale kirol taldeko antolatzaileek 400 korrikalaritan jarritako mugara gerturatzeko itxaropena izanen dute.

400 korrikalari

Izen-emateko epea, 18 euroren trukean, martxoaren 1ean ireki da taldeko webgunean (www.manttale.com) eta martxoaren 30ean itxiko da, beti ere aitzinetik 400 partaideko kopurura iristen ez bada. Inskripzioaren ordainetan, produktu gastronomiko sorta bat, kamiseta eta galtzerdiak jasoko dituzte kirolariek, probaren bukaeran eginen den zozketa handian opariren bat lortzeko aukeraz gain.

300 euroko saria marka hobetzen duenarentzat

Karreraren ibilbideak ez du aldaketarik izanen aitzineko edizioekin alderatuz. Parte hartzaileek 2.420 metro baino gehiago igo beharko dituzte 21 kilometroko ibilbidean eta Larrun mendiaren 900 metroko altuera izanen dute gainditu beharreko koskarik garaiena, lasterketaren 14. kilometroan. Antolatzaileek 300 euroko sari bat ezarri dute probako errekorra hobetzen duenarentzat; horretarako Errumanian jaio eta Gasteizen bizi den Ionut Zinkaren iazko marka (ordubete, 41 minutu eta 27 segundu) hobetu beharko da. Gainera, Ibardingo Bentan tarteko helmuga bat egonen da eta bertatik lehen postuan pasatzen denak 150 euroko gainsaria eskuratuko du. Bertzalde, lehen hiru sailkatuek, nola gizonezkoetan hala emakumezkoetan, 250, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.

Lasterketa Berako kiroldegian hasiko da goizeko 9.30ean eta federatuta daudenentzat nahiz ez daudenentzat irekita dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun