Lesakako udal kiroldegi berria inauguratu zuten larunbatean

Utzitako argazkiak 2008ko martxoaren 3a

Udal kiroldegiko instalazioak bisitatu zituzten erakunde ezberdinetako ordezkariek lehenik eta herritarrek, ondotik. TTIPI TTAPA

Dagoeneko egun osoan zabalik daude, astegunez 9:00etatik 22:00etara

Martxoaren 1ean, larunbat goizean egin zen Lesakako udal kiroldegi berriaren inaugurazio ofiziala. Jakina denez, kiroldegi honek igerileku estaliaz gain, bertze hainbat instalazio ditu. Goizeko 11:30ean, erakunde, instituzio eta kirol eta elkarte ezberdinetako kideak gonbidatuak zeuden inauguraziora. Lesakako udal agintariekin batera, Bortzirietakoak, Malerrekakoak eta Baztangoak ere izan ziren ekitaldian.

Nafarroako Kirol eta Gztediaren Institutuko zuzendariak moztu zuen zinta

Lehenik, Koldo Erkizia alkateak hartu zuen hitza eta lanak aitzineko legealdian hasi zirela azpimarratu nahi izan zuen eta beraiei, zatirik politena, inaugurazioarena egokitu zaiela. Ondotik, Lesakako bi dantzarik, Ander Abuin eta Ane Oiartzabalek aurreskua dantzatu zuten, Joseba Etxepare txistulariaren doinuekin. Ondotik, zinta mozteko txanda ailegatu zen. Horretarako, Jose Javier Esparza, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendaria izan zen. Bere alboetan, Koldo Erkizia alkatea eta Fermin Altzugarai eta Txarli Aiala zinegotziak zeuden. Lesakan ilegalizatu ziren ANVko bi hautetsiek, eszepzio egoeraren aurkako agerraldia egin zuten momentu horretan, Nafarroako Gobernuaren ordezkariaren gibelean. Bera eta Etxalarko alkateak ere, egoera horren aurkako kamisetakin izan ziren inaugurazio ekitaldian.

Urte bukaerarako mila bazkide izan nahi dituzte

Ondotik, erakundeetako ordezkari guziak instalazioetara sartu eta bisita gidatua egin zuten. Udal kiroldegia kudeatuko duen Urdi enpresako arduradunak, Fermin Unzuk, azalpenak eman zituen eta leku bakoitzari buruzko xehetasunak ere eman zituzten langileek. Aipatzekoa da bederatzi langile ariko direla Lesakako udal kiroldegian eta horretaz gain, ikastaro ezberdinetako monitoreak eta ostatuko langileak ere hor izanen dira. Hasiera baten, astegunez eguerditan ixteko asmoa bazen ere, gaurtik aitzinera goizeko 9:00etatik gaueko 22:00etara zabalik dago igerilekua egun osoan. Larunbatetan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik gaueko 22:00etara irekiko da eta igandetan goizeko 10etatik eguerdiko 14:00etara. Gaur egun 400 bazkide ditu udal kiroldegiak, baina urte bukaerarako milara ailegatzea espero dute.

3,37 milioi euroko aurrekontua

Udal kiroldegiko lanak, Ecay eraikuntza enpresak, Union de Montadores Electricos de Navarra eta Soniclima industrialek osatutako aldi baterako enpresen elkarteak egin ditu eta 3,37 milioi euroko aurrekontua izan dute. Erakunde, politikari eta elkarteei eskainitako aurkezpenaren ondotik, herritarrek izan zuten instalazioa ikusteko, izen emateko eta luntxa dastatzeko aukera. Larunbat arratsaldean, dagoeneko bazkideek ur epeletan igeri egiteko eta ur instalazioak probatzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun