Herriko pilotari gazteak irailetik txapelketetan jokatzen ari dira

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 29a

Beñat Mitxelena eta Joseba Pikabeak Irungo Kurpil txapelketa irabazi zuten ekaina bukaeran, San Martzial jai inguruan.Udaran ere txapelketatan ibili dira eta orain ere hala darraite. TTIPI TTAPA

Luis Mari Retegi pilotako irakaslearekin asteazkenero entrenamenduak egiten dituzte

Joan da iraila ere eta aitzineko kronika idazterakoan pilota eskolak ere ikasturtea abiatu zuela aurreratu genuen. Ez dira oraintxe hasi gainera: zaletasunak zintzo eta indartsu dirau, eta urtez urte, etorkizuneko pilotari izan litezkeenak kantxetan maiz ikusten ditugu. Herriko frontoiko entrenamenduak eta txapelketa herrietarako ibilerak, joan den iraila hasieratik abiatu dituzte. Hogeitabortz gazte pilotan trebatzen ari dira. Batzuk hasi berriak dira eta bertze batzuek, urte gehiago edo guttiago, eskuak pilotara ohituak dituzte. Ortziraletan, larunbatetan eta igandetan partiduak jokatzen dituzte eta asteazken arratsaldetan, bortzetatik zortzirak bitartean, Luis Mari Retegi igantziarra irakasle dutela, entseguak edo entrenamenduak egiten dituzte. Taldeka banatuz, txandaka saioak egiten dituzte.

Burlata,Gartzaron, Larraun, Urrotz, Doneztebe, Amezketa, Egia eta Añorga herrietako txapelketak edo partiden lekuak dituzte pilotariek. Ttikietatik hasita, zaharragoetarako taldeak eta pilotariak zeintzu diren kontatuko dugu: Haur ttikietan, (hauek ez dira txapelketatan hasiak), Santxo Aguaio, Mikel Oteiza eta Xabier eta Andoni anaiak; Alebinetan, Markel Jorajuria, Ibai Etxeberria eta Jon Mazizior; infantiletan, Unai Iparragirre, Jon Jorajuria, Ander Almandoz eta Julen Oteiza; Kadeteetan, Jon Alzuri, Julen Oskoz, Andoni Mitxelena, Iosu Larretxea, Alberto Fagoaga, Imanol Mitxelena eta Joseba Madariaga; Jubeniletan, Beñat Mitxelena eta Eneko Ordoki; eta haundien taldean, Joseba Pikabea, Xabi Larretxea, Dani Iparragirre, Jabiertxo Iparragirre eta Agustin Goñi. Pilotari hauek denak, Ekaitzaren izenean kanporaketako partiduetan ari dira. Saiatuko gara, partidak eta emaitzak aldika, ahal dugun heinean ataltxo honetan eskeintzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun