Podologo zerbitzua eskaintzen du San Fermin elkarteak hilabetero

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 29a

012 telefono zerbitzua martxan jarriko du abudo Udalak

San Fermin erretiratuen elkarteak podologo zerbitzua eskaintzen hasi da hilabetero. Zehazki, hilabeteko lehen astearte goizean etortzen dira Irunetik zerbitzu hori eskaintzera elkartearen egoitzan. Irailean hamabi lagunek erabili zuten zerbitzua eta urriaren 5ean hogei lagunek. Aitzinetik ordua eskatu behar dela ohartarazi dute elkartetik. Carmelo Etxarte presidenteak aipatu digunez, «podologoak Irunetik etortzen baldin badira ere, San Fermin elkarteak berak erosi ditu zerbitzu hori emateko behar diren tresnak. Lehengo milioi erdi pezeta gastatu dugu horretan». Dena den, zerbitzua ez zaio jubilatuei bakarrik eskaintzen, edozein joaten ahal baita. Hori bai, jubilatuek 7 euro ordaindu behar dituzten bitartean, jubilatu ez direnek 10 euro ordaindu beharko dute. Bertze aldetik, irailean Errioxa eta Hondarribiara egindako bidaiekin akautu dute uda parteko ateraldi denboraldia San Ferminen. Orain, urriaren 24an eginen den Elkartearen Eguna prestatzen ari dira, baina egitarauaren berri zehatza hurrengo alean eskainiko dugu.

012 telefono zerbitzua

Udala 012 telefono zerbitzua lehenbailehen martxan jartzeko asmoa du. Telefono zenbaki honetan, Herriko Etxearekin lotutako tramitazio guziak egiteko modua izanen da: igerilekuko bonoak, musika eskolako matrikulazioak… Laura Iantzi zinegotziak adierazi digunez, «herritarrek Udalarekin duten harremana errexagoa izatea da helburu nagusia, edozein deialdi, bilera edo gisako informazioa telefono horretan emanen baitute». Telefono orokor batera deitzerakoan hurbiltasuna galduko ote den galdetzerakoan zera dio Iantzik: «Herriko Etxea beti hor izanen da hurbiltasuna nahi duenarentzat. Beran urte terdi daramate zerbitzu honekin eta hagitz kontent daude. Udal langileentzat lasaitasun haundia da eta herritarrentzat erraztasuna». Zerbitzuaren berri emateko kanpaina eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun