Guraso Eskola sortu du Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 29a

Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak Guraso Eskola sortu du eta honen aurkezpen-prentsaurrekoa irailaren 27an egin zen. Prentsaurrekoa Herriko Etxeko Areto Nagusian izan zen Jon Abril alkateordea eta Marisol Taberna eta Milagros Irazokiren eskutik. Guraso Eskola Gizarte Gaietarako Batzordearen bertze lan ildo bat da, bolondresak, etorkinak eta gazteria eta aisialdia bezala.

Batzorde hau, gaur egungo gizartean gero eta zabalduagoa dagoen kezka batek bultzatuta hasi zen lanean: gizartean etengabe gertatzen diren aldaketek eragin zuzena dute familiengan eta zenbaitetan gurasoengan nolabaiteko desorientazioa eragiten du, zalantzak eta desadostasunak. Kezka hau ikusita, honi aurre egiteko, urtarrilaz geroztik ikastetxe guztietako ordezkariekin bilduz aritu dira Batzordean, ikasturte honetan Guraso Eskola abian paratu ahal izateko. Guraso Eskola ez da hitzaldi sorta bat, eskola-tailer modura planteatutako zerbait baizik, non gurasoek zuzenean parte hartuko duten gidari batekin. Hasieran, urrian eta azaroan, Iruñeako Bidari Taldeko Blas Campos pedagogoa izanen da gidari. Ildo nagusi batzuk proposatuko dira eskola-tailerrean baina parte hartzaileen arabera, bertze puntu batzuk ere jorratzeko aukera izanen da. Froga epe gisa, urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8,15, 22 eta 29an eginen dira saioak. Matrikula 30 eurokoa izanen da eta izena emateko 012ra deitu behar da. Bertzalde, irailaren 28an, arratsaldean, Guraso Eskolako atari gisa hitzaldi bat eman zuen Blas Camposek Kultur Etxean eta bertan “Familia giroan hezitzea gaur” gaia jorratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun