Euskal Herriko klub arteko txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte larunbatean Gure Txokoako pilotariek

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 29a

Eztegara pilotalekuan itzulerako partidak jokatuko dira banaka nahiz binaka

Euskal Herriko klub arteko pilota txapelketako finalerdien itzulerako partidak jokatuko dira larunbat goiz honetan Berako Eztegara pilotalekuan. Senior mailan, buruz buru nahiz binaka, finalerdi hauetara ailegatzea lortu dute Gure Txokoako pilotariek.

Beñat Mitxelena aranztarra buruz buru

Joan den asteburuan, joaneko partidak jokatu zituzten. Binaka, Markinan jokatu zuen Gure Txokoako Beñat Mitxelena aranztarrak eta 11 eta 22 irabazi zion Markinako Malaxeberriari. Beraz, Mitxelena izanen da finalera heltzeko faboritoa, larunbatean 12 tantu egitearekin aski izanen baitu. Halere, Arantzako pilotaria ezagututa, seguru garaipenaren bila aterako dela. Gogoratu behar da Beñat Mitxelena Nafarroako klub artekoan azpitxapeldun izan zela, finala tantu bakarrarengatik galduta eta orain Euskal Herrikoa irabaztea du helburu.

Binaka Joseba Pikabea aranztarra eta Xabier Elizalde iturendarra

Binakako finalean sartzeko lan gehiago egin beharko dute Gure Txokoaren izenean ari diren Joseba Pikabea aranztarrak eta Xabier Elizalde iturendarrak. Hauek, Lemoako Eguzkitza profesional ohia eta Zabala izanen dituzte arerio eta Lemoan jokatutako joaneko partidan, 22 eta 20 galdu zuten. Beraz, Beran irabazteaz gain, arerioak 19 tantu edo guttiagotan utzi beharko dituzte Gure Txokoako pilotariek. Aipatzekoa da Aitor Zerezo eta Xabier Elizalde ere azpitxapeldun izan zirela Nafarroako klub artekoan. Euskal Herrikoan, Pikabeak ordezkatu du min hartua dagoen Lesakako aurrelaria eta hauk ere finalean sartzeko aukera polita dute.

Horretarako lanak egin beharko dituzte, larunbat goizeko 10etatik aitzinera Berako Eztegara pilotalekuan. Ondotik, Belate ligako partidak jokatuko dira eta buruz buruzko partida eguerdiko 12ak aldera jokatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun