Lesakako udal kiroldegia inauguratuko dute martxoaren 1ean

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 28a

Larunbat arratsaldean bertan instalazioak erabiltzen hasteko aukera izanen dute abonatuek

Lesakako udal igerileku estaliak eta kiroldegiak larunbatean, martxoaren 1ean, irekiko ditu ateak. Eguerdiko 13:00etan eginen da jendaurreko inaugurazioa eta herritarrek, kiroldegia ikusi ondotik, luntx ttiki bat izanen dute. Aitzinetik, 11:30ak aldera, udaletxeko langileek, erakunde, elkarte eta instituzioetako gonbidatuek ikusiko dute kiroldegia eta hauek ere hameketakoa izanen dute bisita akautzerakoan.

Astegunez, 9:00etatik 22:00etara zabalik segidan

Larunbat arratsaldeko 16:30etik aitzinera, jendeak normaltasunez erabili ahal izanen du kirol instalazioa. Gainera, hasiera batean eguerditan itxiko zela iragarri bazen ere, astegunez goizeko 9etatik gaueko 10:00etara zabalik izanen da segidan, larunbatetan goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara eta arratsaldeko 5etatik arratseko 9etara eta igandetan goizeko 10etatik eguerdiko ordubietara.

400 bazkide baino gehiago

Dagoeneko 400 bazkide baino gehiago ditu Lesakako udal kiroldegiak, baina behin instalazioak irekita, gehiago eginen direla pentsatzekoa da. Horretarako sarrerako matrikula bat ordaindu beharko da: 16 eta 64 urte arteko helduek 100 euro; 11 eta 15 urte arteko gazteek 75 euro; 4 eta 10 urteko haurrek 60 eta 64 urtetik goitikoek 75 euro. 3 urte arteko haurrek ez dute matrikularik eta hilabeteko kuotarik ordaindu beharko. Horretaz gain, urte osoko abonoa egiten duten helduek hilabetean 16,67 euro ordainduko dute, gazteek eta 64 urtetik goitikoek 12,50 euro eta haurrek 10 euro. Neguko abonoa, hau da urritik ekaina bitartekoa, egiten duten helduek, hilabetean 18,75 euro ordaindu beharko dute, gazteek eta 64 urtetik goitikoek 15 euro eta haurrek 12,50 euro. Udako abonoa bakarrik egiteko aukera ere bada, ekaina, uztaila eta abuzturako. Aukera honetan, helduek 90 euro ordaindu beharko dute, gazteek eta 65 urtetik goitikoek 80 eta haurrek 60 euro. Prezio hauetan, igerilekuez gain, hidroterapia eta gune termala erabiltzen ahal dira, sauna lehorra, izotz iturria, lurrun bainua, dutxa ziklonikoak, ur hotzeko putzua, kontraste pasabidea eta hidroterapia putzuekin.

Fitness aretoa

Fitness aretoa erabiltzeko modua ere eskainiko du Lesakako udal kiroldegiak, kirol makina eta irakasleekin. Muskulazio aparatuak, kardiobaskular gunea, pisu librea eta luzatzeko gunea izanen dute erabiltzaileek, norbanako zerbitzua jasotzeaz gain. Fitness aretoa erabiltzearen truke, urteko abonoa dutenek trimestreko 15 euroko kuota izanen dute eta neguko abonoa dutenek trimestreko 20 eurokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun