Hilabete hasieratik udazken tenoreko ohiturak aitzinera doazi herrian ere. Ihizturien edo ehiztarien eguneroko xoko, setuak eta txabolak bilakatu dira. Uso pasa batzuk izan omen dira baina zaletuek nahi adina, oraindik ez omen da pasatu. Ehizarako mugimendurik ezean, onddo biltzen aritzeko probextu dute ehiztariek ez ezik, herritarrek eta kanpotarrek. Onddo ugari atera da aurten eta eskuzariak, kaxak eta zakuak behar izan dituenik ere egon dela aditu dugu. Onddotara atera direnek aurkitu dituzte eta onddo denboraldi ona izan dela erran digute, bertze eskualdetan ez bezala. Onddoak, gaztainak, urrak, eltxaurrak, ilarrak, artoak... udazkeneko fruituak dira bertze batzuen artean.
Herriko eskolan berriz, udazkenarekin batera, Xorroxin irrati mugikorraren bisita jaso dute. Joan den asteartetik, goizeko 10etatik 12etara irratsaioak egiten ari dira ortzirala bitarte, taldeak txandakatuz. Talde bakoitzak irratsaio bat eginen du. 107.9 FM frekuentzian entzungai aste honetan.