Heldu den neguan eta 2005eko uda partean egiteko zenbait mendi lan lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak. Guzira 70.000 euroko aurrekontua dute lanek eta Iruñatik etorriko den laguntza %64koa izanen da gutti goiti beheiti. Errate baterako, Frain kaxkoa larizio pinuekin landatuko da, eta mendi berean, Aierdi edo Eskolaborda aldera begiratuta, gereziak eta astigarrak. Erroizko Errekan orain dela hamarren bat urte landatutako haritz amerikanoak kimatu, bakandu eta garbitu eginen dira. Bertzalde, Unanu aldeko zenbait bide ere moldatuko dira. Zanbudion bordatik hasi eta Arrixurietako errekan barrena Beltzau eta Planta Bakarrera doaien bidea moldatzeko asmoa dago, gero handik Arrixurietara gurutzatu eta berriz ere goitik beheiti Zanbudion bordara iritsi arte. Uda partean, berriz, zenbait paraje garbituko dira.