Sahararen aldeko musika jaialdia eginen da urriaren 31n

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Urriaren 31n Sahararen aldeko kontzertua izanen da udal pilotalekuaren ondoan dagoen aparkalekuan, 19:00etatik aitzinera. Kontzertu honetan, Saharako musikariekin batera Euskal Herrikoak ere arituko dira. Horretaz gain, jaima edo sahararrek bizitzeko erabiltzen duten denda haundi bat ere jarriko da aparkalekuan, hango produktu eta materialak saltzeko.

Ez da Sahararekin elkartasunean hilabete honetan eginen den ekitaldi bakarra. Aste honetan, Saharako delegazioko bi lagunek solasaldia eskainiko dute. Bertze aldetik, urriaren 30a arte «Sahara, askatasunaren basamortua» izeneko argazki eta material erakusketa zabalik dago Beti Gazte elkartearen egoitzan. Astelehenetik larunbatera, 18:30etatik 20:30etara irekiak daude elkarteko ateak. Bertzelako kultur ekitaldiak ere gauzatzen ari dira urriaroan. Joan den larunbatean kontzertua eskaini zuen Kasinoan Joseba Irazoki musikari beratarrak, «Irri eta solas» izeneko diskoa aurkeztuz. Bertze aldetik, sendabelarrei buruzko ikastaro teoriko eta praktikoa ere hasi da. Urriaren 16tik abenduaren 11ra emanen du Laura Gurbindo irakasleak, larunbatero lau orduz. Oraindik izen emateko aukera bada, 948 637005 Telefonora deitu (Begoña) eta 50 euro ordainduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun