Irungo Ramuntxo Trinketeak omenaldia eskainiko dio azaroaren 28an Norberto Tranche Etxeberria pilotari igantziarrari. Pilotari eta pilota irakasle eta hautatzaile bezala lan haundia egina da 1929ko azaroaren 30ean Igantzin sortu eta aspaldiko urteetan Irunen bizi den Tranche. Omenaldi ekitaldiaren antolaketan Hondarribiako Pilota Eskolak ere lagunduko du, Tranchek urteak baitaramazki bertan irakasle. Irun, Hondarribia eta Bortzirietako bertze erakunde pilotazaleen laguntza ere espero dute antolatzaileek.
Azaroaren 28ko ekitaldiei dagokienez, goizean pilota jaialdia izanen da Irungo Uranzu pilotalekuan eta gero herri bazkaria Meaka auzoko Ola sagardotegian. Bazkarirako txartelak 35 eurotan salgai daude helduentzat eta 15 eurotan hamalau urte bitarteko haurrentzat. Irungo Aterpe ostatuan, Renfe estazioaren ondoan erosten ahal dira edo gure eskualdean, Igantziko Oskar Txoperenari deituz 948 637236 telefonora. Aitzinetik agortzen ez baldin badira, azaroaren 25a izanen da txartelak eskuratzeko azken eguna.
Frontoi eta trinketeko pilotari bikaina
15 urterekin xuriz jantzi zen Norberto Tranche, orduan hasi zen Bidasoako txapelketan parte hartzeko. Buruz buru eta binaka aritzen zen aurrelari. Alaia eta tantua akautzen zekien horietakoa zen, ikusi zutenak diotenaren arabera, baita sakatzaile ona ere. Airez eta boleaz sartzea maite zuen eta defentsa bikainaren jabe zen gainera. Beraz, arerio zaila zen afizionatu mailan aritzen zen edozeinentzat. Bere garaiko pilotari onenekin eta onenen kontra jokatu zuen. Herritik hasita, Patxi Txoperena, Raimundo Lizardi, Miguel Irigoien, Juanjo Txoperena eta Javier Etxeberriarekin; Arantzako Jose Mari eta Juan Mari Iturria anaiekin, Fagoaga, Juanito Etxebeste eta Albistur; Lesakako Jose Mari Ubiria «Castillo», Doneztebeko Ibargarai, Chuchin Balda donostiarra, Lezoko Garmendia… Gipuzkoako txapeldun izan zen bigarren mailan Perez Telletxearekin eta beranduxeago azpitxapeldun lehen mailan, Iturriarekin. Garai hartan famatua izan zen Igantzi eta Arantza arteko desafioa: Tranchek eta Patxi Txoperenak irabazi egin zieten Fagoaga eta Albistur-i.
Bere ezaugarriengatik, trinketean hasten da eta Atano IV.ak 1962an Iruñean jokatu zen Munduko txapelketarako hautatu zuen, Andueza III eta Juanito Etxebesterekin batera. Azken honekin finala jokatu zuen, baina galdu egin zuten Frantziako taldearen kontra.
Irakasle, epaile eta Munduko txapeldun beteranoetan
1985ean, 56 urte zituela, 36 metroko frontoian beterano mailako Munduko txapelketa jokatu zuen San Franciscon (Kalifornia) Etxea gipuzkoarrarekin batera. Mexiko, Estatu Batuak, Venezuela eta Frantziaren kontra jokatu ondotik txapeldun izan ziren. Trinketean zuen jakinduria probesteko, Espainiako selekzioko teknikaria eta zenbaitetan hautatzailea izan zen Donostia (1970), Montevideo (1978), Biarritz (1978) eta Mexikon 1982an jokatu ziren Munduko txapelketetan. Nazioarteko epaile eta material hautatzaile gisara ere aritua da. Baina azken urteetako lanik haundiena haurrei erakusten egin du. Irunen, pilota eskolan aritzeaz gain, Irun Hiria txapelketa antolatu zuen eta Hondarribian Pilotaren Olinpiada. Lan hauek eta gehiago eskertuz, Iparraldeko Pilotarien Biltzarrak eta Hegoaldeko Pilotarien Batzarrak saritu dute.