Bai Euskarari Akordioari euren atxikimendua adieraziz gazteek euskararen inguruan zerbait antolatzea eta Bortzirietako gazteak biltzeko eta elkar hobeki ezagutzeko helburuarekin Bortzirietako gazteon Bai Euskarari Eguna antolatu dute Berako Gazte Asanbladak, Lesakako Gaztik, Arantzako Gazte Asanbladak, Etxalar eta Igantziko gazteek eta Euskara Mankomunitateak. Aurtengoan egun bakarrean egitea erabaki da, azaroaren 20an, larunbatarekin eta ekitaldi guziak Lesakan izanen dira. Gazteon Bai Euskarari Egun honetan parte hartzen duten talde guziak mistoak izan beharko dute, neska-mutilez osatuak. Goizean, herrika antolatuak kiroletan aritzeko aukera izanen dute, bertzeak bertze futbito, pilota (hirunaka), toka eta txintxurrina. Ondotik gisadu txapelketa izanen da. Goizeko jokuen ondotik bazkaria eginen da honako menuarekin: salda eta txapelketan prestatu den gisadua. Arratsaldeko ekitaldietan taldeka banatuko dira gazteak, baina oraingoan berdin izanen da zein herrietakoa den bakoitza. Arratsaldean hainbat joku izanen dira: Ginkana, Altxorraren Bila jokuan oinarritutako Euskararen bila, ETB2ko Date el bote lehiaketan oinarrituta euskararen inguruko galderak izanen dituen Mazan/k botia! lehiaketa, euskararekin zerikusia duten kantekin Karaokea eta afal aitzinetik trikipoteoa izanen da. Eguna borobiltzeko kontzertua egiteko asmoa dute antolatzaileek. Oraindik zehaztu gabe gelditu da, baina afal ondoren zerbait egiteko asmoa garbi dute. Bazkariko txartelak ohiko lekuetan salgai izanen dira.